Atal honek aurtengo edizioari dagokion informazioa eguneratu gabe dauka. Egun batzuk barru ibilbidean agertzen diren gune interesgarriei buruzko informazio eguneratua eskura izango duzu...
Atal honek aurtengo edizioari dagokion informazioa eguneratu gabe dauka. Egun batzuk barru ibilbidean agertzen diren gune interesgarriei buruzko informazio eguneratua eskura izango duzu...
Mendi-martxaren edizio guztietan zehar ezagutu diren toki interesgarri, monumentu, kondaira eta megalitoen zerrenda.
Ondorengo lerroetan ibilbidean zehar (baita aurreko edizio guztietan ere) Urretxu eta Zumarraga inguruetan -baita gainerako Goierri eskualdeko paraje eta Urola-Kosta eskualdeetako beste zenbait lekuetan- ezagutu ditzakezun toki interesgarri, monumentu eta megalitoen zerrenda duzu. Martxa honetan mendia maite dugu, eta era berean leku horiek guztiek gordetzen dituzten sekretuak (kondairak, gertakari historikoak, ...). Gure mendiak toki biziak direlako. Mendiaz gozatzeaz gain, gure mendiak ere ezagut ditzazun gonbita egiten dizugu.
Leku eta monumentu guztiak (aurtengo edizioa)
Leku eta monumentu guztiak (edizio guztietan)
Gune guztiak (kokapenaren arabera)
Gune guztiak (tipologiaren arabera)
... Mendia ez da bakarrik bakardadea, are gutxiago Euskal Herriko mendia. Gehienetan, geure inguruari arreta pixka batez so eginez, Historia berberarekin topo egiten dugu. Mendiak, ataka desolatuak, basoak, zubiak, bentak, baselizak, bordak, zalbideak, trikuharriak, harrespilak, kondairak, mitoak, erromeriak, artzainak, gudak, pelegrinazioak ... Ez al da gauza askotxo? Ez, bizitza osoa da gure bidera jauzi egiten ari dena, eta guk ezin dugu geldiarazi, bera gu geu garelako ... —Luis Pedro PEÑA SANTIAGO—
Ibilbide laburrean (ordena kronologikoa) [51 sarrera]
Iruarrieta megalitotegiko trikuharria. 1987an aurkitutako hileta-monumentua da. 1,30 m-ko altuera eta 13 m-ko diametroa du. Bertako basaltoak.
Iruarrieta megalitotegiko tumulua. 1989an aurkitutako hileta-monumentua. 0,40 m-ko altueraz , 6 m-ko luzera du I.-H. diametroan eta 8,70 m E.-M. diametroan. Bertako basaltoak.
Tumuluaren ondoan, Pagola lepoko txabola dago.
Ez da arraroa "pago" hitzarekin erlazionatutako toponimoak aurkitzea gailurreria osoan, izan ere, orain dela mende batzuk, pagadiak jaun eta jabe izan ziren mendialde honetan eta egun, Zumakortaburu aldean kokatzen den pagadiren bat izan ezik (Txerreneko pagadia esaterako...), ia ez da pagadirik geratzen Zumarragako udal barrutiko lurretan.
Hala ere, mendiaren txokoak iraganean janzten zuten pagadien izen-aztarnak (toponimoak) geratu zaizkigu: Pagobakar, Bospagoeta, Irupagoeta, Pagadizelai, Pagalandatza, Pagalandeta, Pagalde, Pagaldesakon, Pagazuriazpia, Pagazuieta, Pagoazpi, Pagoillaraeta, Pagolabaso, Pagola, Pagotxoeta...
Ezaugarri orografikoak direla-eta, zabalera estuko burdinbideek arrakasta handia izan zuten garai bateko Euskal Herrian. Izan ere, zabalera estuko burdinbideek zabalera handiko burdinbideek baino inbertsio txikiagoa eskatzen zuten bidea irekitzeko unean. XIX. mendeko amaiera eta XX. mendeko hasiera arteko urteetan, euskal ekonomian eragin positibo zuzena izan zuten zenbait burdinbide eraiki ziren: hala nola, besteak beste Durango eta Zumarraga elkartzen zuen burdinbidea, Elgoibar eta Donostia artekoa, La Roblakoa eta baita Plazaolakoa, Leitzaran arroan barrena Andoain eta Leitzaran lotuz "Tren Txikito" izena eman ziotena. Hauetako burdinbideren bat edo oraindik gaur egun badabilela esan behar dugu.
Horrenbeste maitatutako Urolako tren zaharra baita zabalera estukoa ere 1926. urtean Alfonso XIII.ak emandako babespean jaio eta 1986. urtean itxi zuten. Trena, bailara estu eta itxiko komunikazioak ikaragarri erraztu eta Urola ibaiaren arroan bizi ziren biztanleen sinbolo maitatua bihurtu zen, bertako biztanleak bere lurrin-ahokaden, metalezko bagoien, eta bere ibilera geldoaren triki-traka bereziarekin loturik bere ondoan jaio, hazi eta bizi ziren biztanleak ziren. Trena ez zen ez egungo presarentzako eginik izan, bai, bidaia lasai eta gozoak bizitzeko egina ordea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diruaz eginik inauguratu zuten garaian, hoberen ekipatutako eta hornitutako trena izan zen: burdinazko bagoiak izateaz gain, garaiko punta-puntako teknologiaz baliatzen zen tailerra baitzuen. Zumaiatik Zumarraga bitarteko bidea lotuz, bailarako biztanleen interes ekonomiko, sozial eta kulturalak uztartu zituen. Iraun zuen 60 urteetan jasandako politikoen eta agintarien utzikeria lotsagarria dela medio (1986. urtean oraindik ere, hirurogei urte lehenago utzitako erreminta berberekin egiten baitzuten lan bere mantenuaz arduratzen ziren langileek) trenak azkeneko bidaia egin zuen, bazterrean geratu zen... nahiz eta bailarako biztanleriaren gehiengoa aurka altxatu eta nahiz eta garaiko agintariek trenaren alde agindutako hitzak haizeak eraman. Herriak trenaren biziberritzerako sosak eskatu zituen.
Urte gutxi batzuk geroago, eta kamioien trafikoaren kalterako arrazoi edo aitzakia dela medio, ibaiaren bi isurialdeak behin eta berriz lotzen zituzten trenaren zubiak erauntsi zituzten. Egun zenbait geltoki, trabesa zaharrik bako zaindu gabeko bide aurrean kokatzen diren mamuen itxura galdua dute, beste batzuk ordea, estazio meteorologiko lanen papera betetzen ari dira (Agiñetakoa adibide), eta zorte handiena izan zuena, Azpeitikoa, bailara piztu eta indartu zuen trenaren omenezko museo bezala birbataiatu zuten.
Ondoren, Urretxuko geltokia herriko Gaztetxea bihurtu zen, eta Zumarragako geltokia, agintari edo mezenas batek euro bat beregan inbertitu dezan itxaroten ari da... berritzeko dirurik inoiz ez sosik jaso ez zuen burdinbide hartako geltoki eder hori berritzea eskatzen ari da-eta.
Geroago hasi ziren burdinbide zaharraren berritzearen obrak beste erabilera ludikoago bat ematearren: bertako ibilbidea bidegorria eraikitzeko. Lehendik kamioi eta autobus handien trafikoarentzako kaltegarriak ziren zubiak beste berri eta modernoago batzuen ordez ordezkatu dira. Eta egun, 2005eko maiatzean, bidea errekuperatu da oinezkoen eta txirrindularien onerako. Hauxe da Gure Trena izan zenaren etorkizunerako xedea, eta Urretxu-Zumarragako biztanleen onerako izan dadila.
Urretxu eta Zumarraga batzen eta era berean banatzen duen ibaia. Urola izena lehen aldiz, 1434. urtean agertzen da. Ordura arte, eta gero ere bai, ibaia izen asko jasotako da, eta ez dirudi azkeneko urteetara arte, Urola gehien erabiliena izan denik. Joxeluis Ugarteren arabera, baliteke izena Antzuolako Ondamendi baserriaren ingurutik jasotzea izena, baserriaren izen zaharra Urola zen eta.
Urretxu eta Zumarragako toponimiaren sarreran hala ageri da:
Toponimoa: UROLA
Kontzeptua: 60201 / Ibaia
Iturriak: 1434: F57 (60.or) / "Como desçiende por el arroyo a yuso fasta el agua e rio de Legaspia, e dende por el dicho rio a yuso como da por el agua fasta donde entra el arroyo que llaman de Huola al dicho rio de Legaspia,..."
1613: UUA5 / "En Yrimo savel vaxando por la fuente de para el río de Uola"
1752: ZUA6 / "Río nombrado Urola"
1819: HIPO2 (65.or) / "Río maior llamado Urola"
1889: ZUA2 / "Punto llamado Mugarrieta en el río Urola"
1951: Plano1 / "Río Urola"
Kokagunea: 88-37, 88-29, 88-21
Adierakideak: Legazpi, El río caudal, El río mayor, El río principal, Ibaia, Errekaundia.Oharrak: 1434ko testuari erreparatuz gero badirudi "Arroyo de Huola" Antzuolako Ondamendi baserri ingurutik igarotzen den errekari esaten zitzaiola. Kontuan izan behar dugu, gainera, Ondamendi baserriaren izen zaharra Urola dela (baserri hau Antzuolakoa izan arren Urola arroan dago, ez Deba arroan). Hori dela eta, Urola ibaiaren izena litekeena da hortik hartua izatea. Eta ez litzateke harritzekoa izango, zeren orain ere Azkoititik behera Artetxeerreka esaten baitzaio Urola ibaiari, Artetxe Aizpurutxo aldeko etxaldea delarik. Gainera, Urola garaia eskualdean, badirudi ia oraintsu arte ibai nagusiari ez zaiola Urola esan, Errekea edo Errekaundia baizik.
Zumarragari buruzko lehenbiziko datuak 1366an agertu ziren, tronua eskuratu nahi zuen Enrikek, XIV. mendearen erdialdean Pedro I.a bere anaiordearen kontrako gerra zibilean ari zelarik, Zumarragako Monasterioa Lazkaoko Jaunari eman zionean. Geroago, inguru honetako biztanleek Ahaide Nagusi horren pean jasaten zuten kontrol zorrotzetik askatu nahirik, 1383ko abenduaren 11n, Urrutia izeneko tokian, egungo Eitzako auzotik hurbil alegia, konkordia-eskritura bat sinatu zuten Urretxu hiribildu sortu berriarekin. Agiri horren baiezpena Joan II.ak eman zuen 1385ean, eta Enrike III.ak berretsi zuen. Hala eta guztiz ere, 1405ean indarrik gabe laga zituzten erabaki horiek, eta herri biek Seguraren jabetza pean geratu behar zutela dekretatu zuten; eta halaxe izan zen 1411 arte. Zehazterik ez dugun garai batean herria Areriako Alkatetza Nagusian sartu zen, eta bertan mantendu gainera 1660 arte. Zumarragak, 1661ean, hiribildu titulua jaso zuen.
Hasiera batean Zumarraga gune sakabanatuz eraturiko herria zen, Zumarragako Andre Mariaren, gaur egun Antio izenez ezagutzen dugun horren inguruan diren baserriez funtsean. Baina urrunegi omen, eta XVI. mendearen bigarren herenean zehar parrokia haran hondora, ibarrera jaisteko eskaria egin zieten herritarrek eliz agintariei. Garbi noiz izan zen ez dakigun arren, Eitzako hiri izaerako gune nagusia sortu zen, Santa Engraziaren baselizaren, egungo San Gregorioren inguruan hain justu, eta San Kristobalgo baselizaren inguruan ere ba omen zen beste gune bat.
Herriaren historian zehar bada hainbat une edo gertaera berezi, hala nola: lehenbiziko Udal Ordenantzak, 1526koak; lehenbiziko Antolaketa Plana, Estibanz arkitektoarena, 1860koa; ura ekartzeko lehenbiziko lanak, 1861ekoak; Hiltegiaren inaugurazioa eta hamabostean behin, ostegunez, egiteko merkatua jartzea 1865ean, inguruko baserrietako produkzioaren irtenbidetzat; Udaletxe berriaren inaugurazioa 1866an, 1986an birmoldatu zutelarik estetika irizpide zeharo berrizaleen bidetik; Hilerri berriaren inaugurazioa 1875ean, 1984an kriptara itzuliz birmoldatu zutela; 1890ean Eskola Berriak inauguratu izana; eta 1930ean Esteban Orbegozo, S.A. enpresa herrian kokatu izana, lanpostu asko eta asko sortu baitzituen, 50eko hamarkadan zehar etorkin saldo handiak erakarriz herrira, demografia hazkunde izugarria eraginez —biztanle kopurua laukoiztu egin baitzen—, 1977an helduz 12.619 biztanleko kopurura. Une horretatik aurrera, krisialdi ekonomikoak alderanztu egin zuen joera, eta berezko hazkundea baino handiagoko emigrazioa hasi zen, egungo 10.324 biztanleraino jaitsiz kopurua.
Aipamen berezia merezi du trenbideak, Zumarragaren historian erabakigarria gertatu den elementua baitugu, hiru geltoki desberdin izatera heldu gara eta. 1864an inauguratu zuten Norteko Trenbidea —gaurko RENFE—, Madril-Paris lineaz; 1889an inauguratu zituzten Ferrocarriles Vascongados haiek, Zumarraga-Maltzaga lineaz; eta azkenik, 1926an, Urolako Trena, "Gure Trena" ospetsua, Zumarraga-Zumaia lineaz. Elementu honek, Vicente Larreak egin (1986) eta udaletxean kokatuta dagoen eskultura batean alegoria gisa azaltzen denak alegia, Euskal Herriko komunikazio gunerik garrantzitsuenen artean jarri zuen herria, Gaztelako Goi Ordokia Gipuzkoako kostaldearekin eta Bizkaiarekin lotzen baitziren bertan. Gaur egun bakar-bakarrik RENFEren lineak segitzen du lanean.
Zumarraga izan zen Migel Lopez de Legazpiren jaioterria. 1897az geroztik bere estatua herriko plazan duen horrek Filipinar Irlak kolonizatu zituen XVI. mendean, eta oraindik ere zutik dago haren jaiotetxea, duela urte batzuk eginiko birmoldaketa lanen ondotik. Legazpi Dorretxea edo Jauregi Handia izenak ematen dizkiogu.
INFORMAZIO-ITURRIA: Zumarraga.net webgunean oinarritutako informazioa.
Garai batean Plaza Berria esaten ziotenak, hiru etxe ilarak, errepideak eta inguratzen duen laugarren etxe ilara batek (honexek ematen dio, gainera, zabaltasun ukitua) eratutako espazio karratuak itxuratua. Zumarragako herri arkitekturaren alerik bikainenetakoa da, zalantzarik gabe.
"Non ote dago enparantza honen herria?" esan omen zuten soldadu karlista nafarrek gerra zibilean herri hau hartu zutenean; izan ere, enparantza honetan behin eta berriz entzundakoa omen da esaldi hori.
Gainontzean, enparantza inguratzen duten lau etxe ilaretatik hiru XIX. mendearen bigarren herenekoak dira, laugarren alboa 1954an itxi baitzen, behin betiko. Hala dio etxearen horman idatzitakoak. Enparantzaren erdi-erdian, Migel Lopez de Legazpiri eskainitako estatua dago. Larunbatero, bertan merkatu edo feria nagusia egiten da.
Udaletxe ondoan kokatutako, eraikin ilararen amaierako etxea. Itarte etxearen antzeko ezaugarriez. Lehen, Uzkanga etxeak eta Itarte etxeak kapera bana zuten barnean.
Behe-atal arkupeduna du. Oin nagusian lau bao eta balkoi daude. Atzeko fatxadan etxe-egutera bat dago, hirugarren oinaren altueran, mainel batek bereiziriko erdi-puntuko bi arkuz.
Uzkanga etxearen jatorria XIX. mendeko azken hamarkadetakoa da. Urte batzuk lehenago Ignacio Maria Alberdi eta bere anaia Antonio Ameriketara joan ziren. Garai hartan diru askorekin bueltatu eta etxe bana eraiki zuten udaletxearen ondoan: Antoniok Uzkanga etxea, -1981eko ekainetik aurrera Batzokia dagoen eraikina- eta Ignacio Mariak Itarte etxea.
Zumarragako Euskadi enparantzan jarria eta Aniceto Marinasek egina, 100 urte baino gehiago darama plaza erdian.
Legazpiren brontzezko estatua (1897an altxatua), Zumarragako Euskadiko Plazan kokaturik, Aniceto Marinas eskultoreak (Segovia, 1866 - Madril, 1953) egina izan zen, idulkia Juan Moya arkitektoak egin zuelarik.
Miguel López de Legazpi Gurruchategui Zumarragan XVI. mendeko lehen bost urtean jaio zen. 1527an Areriako Alkatetza Nagusiko eskribautza hartu zuen, bere aitak hil ostean postua libre utzi ondoren. 1528an Mexikora iritsi zen, non kabildoko idazkaria izan zen, alkate ere bai, eta baita ondoren ere Casa de la Moneda delakoaren erantzukizun handiko langilea, horren ondorioz dirutza handia batu zuela hain zuzen.
Isabel Garcésekin ezkondu zen eta harekin 9 seme-alaba izan zituen; alargun geratu ondoren, 1564ko azaroaren 21ean Mexikotik "mendebaldeko irletarantz" abiatu zen espedizioko armadaren jeneral gisa: espedizio hartan, kosmografo gisa Andres de Urdaneta fraide ordiziarra zegoen.
Espedizioak norakora 1565eko otsailean iritsi zen, bertan ziren hainbat lurralde bereganatuz eta bestalde ere, irla guztien batasuna antolatuz: momentu hartatik aurrera irlok Filipinar uharteak bezala ezagutuko ziren. 1571ean Manila hiria sortu zuen, eta bertan hil zen urtebete ondoren.
1865etik aurrera eraikia, fatxada nagusia XIX. mendearen 60ko hamarkadan sortu zuten bezalaxe mantenduz zen bere zaharberritze lanetan. Estilo neoklasikokoa, azpimarratzeko ere bere Batzar Aretoa, etorkizuneko ukitu nabarmena emanez.
Eraikinak berak oin angeluzuzena du, lau isurialdeko estalkiaz. Behe-atal arkupedun bat ere badu. Ganbara parean, fatxadaren erdi-erdian kokaturik, herriko armarriaren erreprodukzio bat dauka. Gainera, erantsi berdin-berdinak ditu alde banatan; behe-atal bat ere badu, erdikoaren altuera berdinekoa, arku karpanel handi batez eratua, eta goi-atal bat ere bai, elkarren segidako hiru bao dinteldunez osatua.
Gipuzkoako Karta Arkeologikoa. Aranzadi Elkartea (1991).
Gipuzkoako Karta Arkeologikoa - Aurkikuntza Berriak 1990 - 2001 / Nuevos descubrimientos 1990 - 2001. Aranzadi Elkartea.
Diccionario Ilustrado de Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran
Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran. Editorial Txertoa (1984).
Ezagutu Gipuzkoa CD-ROMa. Elhuyar Elkartea (1993).
Las Ermitas de Gipuzkoa. Luis Pedro Peña Santiago. Gipuzkoako Foru Aldundia (1995).
Montañas del País Vasco (Tomo 2 - La campana de Oro). L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).
Leyendas y tradiciones populares del País Vasco. L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).
Telleriarte etxez etxe. Joxe Luis Ugarte/Esteban Altzelai/Agustin Beloki. Telleriarteko Auzo Elkartea (1995).
Estudio de Historia de Urretxu (en su VI centenario). Mila Alvarez Urcelay/Pedro Gonzalez Argomaniz/Antonio Ayllon Iranzo/Jose María Iztueta Leunda. Urretxuko Udala - Gipuzkoako Foru Aldundia (1986).
Legazpin barrena (oinez). Antxon Burcio. Legazpiko Udala (1995).
Legazpin barrena (BTT-z). Mikel Oskoz. Legazpiko Udala (1995).
Goierri mendiz mendi. Egile batzuk (1997).
Urretxu eta Zumarragako toponimia. Joxe Luis Ugarte. Onomasticon Vasconiae (Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea eta Euskaltzaindia, 1999).
Legazpi - Burdinezko bihotza - corazón de hierro. Juan Aguirre. Legazpiko Udala, 2006).