Leku interesgarriak

Informazioa

Atal honek aurtengo edizioari dagokion informazioa eguneratu gabe dauka. Egun batzuk barru ibilbidean agertzen diren gune interesgarriei buruzko informazio eguneratua eskura izango duzu...



Mendi-martxaren edizio guztietan zehar ezagutu diren toki interesgarri, monumentu, kondaira eta megalitoen zerrenda.

Ondorengo lerroetan ibilbidean zehar (baita aurreko edizio guztietan ere) Urretxu eta Zumarraga inguruetan -baita gainerako Goierri eskualdeko paraje eta Urola-Kosta eskualdeetako beste zenbait lekuetan- ezagutu ditzakezun toki interesgarri, monumentu eta megalitoen zerrenda duzu. Martxa honetan mendia maite dugu, eta era berean leku horiek guztiek gordetzen dituzten sekretuak (kondairak, gertakari historikoak, ...). Gure mendiak toki biziak direlako. Mendiaz gozatzeaz gain, gure mendiak ere ezagut ditzazun gonbita egiten dizugu.

Leku eta monumentu guztiak (aurtengo edizioa)

Leku eta monumentu guztiak (edizio guztietan)


Gune guztiak (kokapenaren arabera)


Gune guztiak (tipologiaren arabera)




... Mendia ez da bakarrik bakardadea, are gutxiago Euskal Herriko mendia. Gehienetan, geure inguruari arreta pixka batez so eginez, Historia berberarekin topo egiten dugu. Mendiak, ataka desolatuak, basoak, zubiak, bentak, baselizak, bordak, zalbideak, trikuharriak, harrespilak, kondairak, mitoak, erromeriak, artzainak, gudak, pelegrinazioak ... Ez al da gauza askotxo? Ez, bizitza osoa da gure bidera jauzi egiten ari dena, eta guk ezin dugu geldiarazi, bera gu geu garelako ...

—Luis Pedro PEÑA SANTIAGO—

Responsive image

Ibilbide laburrean (ordena kronologikoa) [51 sarrera]

Hasiera |  Aurrekoa |  (orrialdea 1 / 6) |  Hurrengoa  |  Amaiera

 
Urretxu-Zumarraga :: Bestelakoak
Bidegorria

Urretxu-Zumarraga-Legazpi arteko bidegorria.

2009an Goierriko Hitzan irtendako berri batek dio Urretxu-Zumarraga eta Legazpi arteko bidegorria Goierri eskualdean gehien erabilitakoa dela. 282.000 erabiltzaile izan zituen 2008an, eta eguneko 776 txirrindularik erabili zuten horren ibilbidea. Txirrindulariak erabiltzaileen %16 izan ziren bide horretan. Ikerketan azaldu dutenez inguruetako lantokietako langile "ugarik" erabiltzen dute bide hori, eta diotenez baita ikasle "askok" ere. Asteburuetan oinezkoen kopurua %20 jaisten da, eta txirrindulariena, aldiz, %12 igo. Abuztuan nabarmen jaitsi zen bidegorria erabili zutenen kopurua.

"Noizbehinka" txirrindularien eta oinezkoen artean ika-mikak sortzen direla ere jaso dute ikerketan. Baina, hala eta guztiz, oinezkoen eta txirrindularien artean "elkarrekiko errespetua eta bizikidetza" izaten dela azpimarratu dute.

Urretxu-Zumarraga eta Azkoitia arteko bidegorria.

Zumarragatik Azkoitira arteko bidegorria eskualdean dagoen luzeena da. 12 kilometro da luzean, eta 111.000 pertsona ibili ziren iaz uneren batean, eguneko 304 bataz beste. Txirrindulariak erabiltzaileen %20ra iristen dira bide horretan. Aizpurutxoko bidegorriak Legazpikoak baino erabiltzaile gutxiago izatearen arrazoiak luzera, kirolerako eta aisialdirako duen izaera, eta bide horretan topa daitezkeen argiztatu gabeko tunelak dira, ikerketan esaten dutenez.

Asteburuetan oinezkoen kopurua igo egiten da, baita txirrindulariena ere. Bizikletarien kantitatea hirukoiztu egiten da aste egunetatik, erabiltzaileen laurdena baino gehiago izatera iritsiz. Egun konkretuetan kopuruak nabarmen gora egiten du, kirol txapelketak ospatzen direnean adibidez. Arazoak ekiditeko neurriak hartzea aurreikusten ari dira.

Jatorrizko iturria eta informazio gehiago: Goierriko Hitzan

 
Urretxu-Zumarraga :: Monumentuak
Baroikoa Jauregia

XVIII. mendekoa, aurreko erakin baten gainean jasoa. Areizaga Baroiena izan zen, garai batean oso jende garrantzitsua herrian. Etxaurrean hiru armarri barroko ditu, bi buruko arranoarekin, adituen esanetan errege austriar batek, XVII. Mendean zehar, Europako Erlijio Gerrateetan borrokatu zuen familia horretako koronel bati emandako armarriak. Gaur egun etxebizitza partikularrak daude bertan.

 
Urretxu-Zumarraga :: Monumentuak
Goruntz

Jose Ramon Andaren eskultura, brontze urtuz egina; hamar metro garai eta diametro desberdinak ditu, berrogeita hamar zentimetrotik metro bat eta hamar zentimetrora baitoaz. Obra bertikala da, kokatuta dagoen tokitik, Zumarraga eta Urretxuren lotune dugun Areizaga-Kalebarren enparantzatik, ezinbestez igarotzen diren ibilgailuei eragozpenik ez eragiteko propio diseinatua; gainera, obraren presentzia bera indartu egiten da kokapen berezi-berezi horretan.

Obrak goiko aldean erakusten duen ebaki sakonak kontraste handia egiten du oinarriarekin, eta egonkortasuna sekula galtzen ez duen arren, ikusten ari garenean hauskortasun sentsazioa eragiten digu, eta edozein unetan lurrera eroriko dela inondik ere. Beharbada, kokatu behar zuten enparantza eta toki geografikoari buruzko berri zehatzak eskuratu ondoren, bat egindako herri bien arteko harremanak gogora ditzakeen obra baten sinbologia eta esangura izan zitezkeen egilearen inkontzientean.

Areizaga-Kalebarren enparantzan bertan, eta Goruntz eskultura honen ondoan ematen zaio hasiera mendi-martxa honi.

 
Urretxu-Zumarraga :: Bestelakoak
Urretxu

URRETXU ERDI AROKO HERRIA.- HERRIAREN SORRERA

Urretxuk duen lehen agiri historikoaren aipamena Juan I. Gaztelako Erregeak emandako herriaren sorrerako "Carta Puebla" delakoari dagokiona baino ez da, 1383ko urriaren 3an emana.

Sortu aurretik, giza-multzo bakandu bat zegoen Urretxua deitutako lurretan, Santa Barbarako baseliza inguruan segur aski. Biztanle horiek, areagotzen ari zitzaien jaun feudalen erasoen aurrean, herria sortzeko aukera eskatu zioten Erregeari. Herria sortzeak babes eta zerga bidezko onuraz ekartzeaz gain, merkataritza handitzeko aukera ere eskaini zien. "Carta Puebla" delakoan, biztanleek eurek diseinatu zuten herri barruan eraiki beharreko orubeak banatzeko ahalmena eman zien Erregeak; gaur egun, oraindik ere, Erdi Aroko herriaren ezaugarriak gordetzen ditu Urretxuk, mendeetan zehar izandako garapenak ez baititu oinarrizko berezitasunak aldatu. Juan I Erregeak udalerria eman zien bere mugak zehaztuz, eta baita izena ere: Erregeak sortua denez gero, "Villa Real" izena hartu zuen.

Erregearen onurak zituen herri honi Zumarraga (1383) eta Ezkio (1385) atxikitu zitzaizkion. Urretxurekiko atxikimendu horiek Segurako herriaren aurkakotasuna izan zuten berehalaxe, eta honek Zumarraga eta Ezkioko kolazioei zegozkien eskubideak aipatuz, auzian sartu zen Urretxurekin. Gatazka amaiera eman zion epaiaren arabera, baizik eta Urretxuko herria bera ere bai. Sei urte geroago erabaki zen urretxuarren apelazioa, 1411n, eta orduan hautsi zen behin-betirako Segura herriarekiko menpekotasuna.

HISTORIAN ZEHARKO GARAPENA

Pixkanaka-pixkanaka sorkuntzako herri gisa egituratzen hasi zen Urretxu, oso berezitasun sendoa duen egitura ekonomikoa osatuz, hain zuzen ere merkataritza eta nekazaritza-abeltzaintzan oinarrituta. Aipagarria da baita baso iharduna ere, eta orduan hasi berria zen burdingintza, Mendiaratz, Irigoien eta Gerra burdinoletan kokatua. Industria berri honek ibaiaren izena aldarazi zuen; ordura arte Legazpiko erreka, Urola izena hartu zuen.

Hala ere, kokagune estrategiko hori bera oztopo izango da herriaren garapen ekonomikoarentzako: erregeen eta batailoien derrigorrezko igarobide izanik, horiei harrera on bat egiteko obligazioa zegoen, eta herri-diruaren kontura gainera. Horrez gain. Urretxuk hainbat eta hainbat zoritxar natural izan zuen XVI eta XVII mendeetan (suteak, izurriteak eta beste gaixotasun batzuk); azkenean, beraz, horiek guztiek atzerako eragina izan zuten Urretxuko biztanleengan, eta herritik kanpo gauzatzen hasi ziren haien ekonomi, kultur eta gizarte mailako asmoak.

Herritik alde egitea izen zen irtenbidea, batez ere Ameriketara aldera. Erregetzera joandako biztanleak era badira; horietatik batzuk ospetsu egin ziren XVII. mendeko errege-administrazioan, eta beraien jauregiak sortu zituzten herrian: esate baterako, Ipeñarrieta, Areizaga, Nekolalde. Horren guztiaren ondorioz, familia urretxuar batzuk gero eta ospetsuago egin ziren; ia giza-maila alderik gabeko herritar haien artetik beste herritar mota bat sortu zen, eta aipatutako familia horiek ia-ia bakarrik zuzendu zuten herriaren etorkizuna.

XVIII. mendean azpiegitura ugari eraiki zen: Araba eta Irungo muga lotu zituen errege-bidea eraiki zuten; bestalde, postetxea kokatu zuten Urretxun, inguruko herriei posta banatzeko.

XIX. mendean gerrak izan ziren ugari; ondorio kaltegarriak eragin zizkien udal-ogasunei; alde horretatik, garrantzi handikoak izan ziren Independentziaren Gerra eta I. Karlistada. Modernizazioaren mendea ere izan zen XIX. hori ; trenbidea jartzeak izan zuen aparteko garrantzia, izan ere horixe izan baitzen geroko garapen ekonomikoaren oinarria gure herrian. Mende honetakoa dugu Joxe Mari Iparragirre, "Gernikako Arbola" egin zuen koblakari ospetsua.

XX. mendeak industrializazioa eta biztanleen hazkundea ekarri zigun, 50. hamarkadaz geroztik batez ere, immigrazio handiaren ondorio. Inoiz ezagutu gabeko hazkunde horrek baldintzatu zuen herriaren hiri-egitura, soziala eta ekonomikoa.

Gaur egun hiritartzat har daiteke Urretxuko biztanleria, herri modernoa, industria aurreratu eta kualifikatua duena, zerbitzu sektorea goraka, aurren-aurreneko mailako eraikuntzak dituena, eta horiek guztiek XXI. mendeko herri baten itxura ematen diotelarik. Baina, hala ere, herriak ez dio bizkarrik eman iraganari, ez eta bere historiari, eta ederki eutsi die Erdi Aroko herriaren jatorri, ondasun historiko eta tradizioei.

INFORMAZIO-ITURRIA: Urretxu.net webgunean oinarritutako informazioa.

 
Urretxu-Zumarraga :: Eliz-arkitektura
Urretxuko San Martin de Tours eliza

Tourseko San Martin eliza XV. mendearen bukaeran eraiki zen. Hiru nabeko eliza da eta, hasiera batean, Zumarragako Antiguako Ama Birjinaren ermitak duen itxura bera zuen. Egun duen itxura XVI. mendean hartu zuen, orduan lehen birmoldaketa sakona izan baitzuen. Beste lan batzuekin batera, gaur ikus dezakegun estilo errenazentistako egurrezko ganga egin zioten. Ganga hori Juan de Lizarazu eskultore, arkitekto eta artista urretxuarrak diseinatu zuen. Gipuzkoan ez dago gisa horretako besterik eta benetan ikusgarria da.

Hurrengo mendeetan ere erreforma ugari egin ziren tenpluan. XVIII. mendean dorrea eraiki zen eta 1861ean absidea bota zen, Azkoitirako errepide berria egiteko.

Eraikuntza sendoa eta apaindura gutxikoa da; horrek eta ageri diren beste aztarna batzuek pentsarazten digute eginkizun erlijiosoaz gain, herriari babesa emateko helburua ere izango zuela bere garaian. Era berean, XVII. mendera bitartean gutxi gorabehera, eliz eremuak gizarte mailako beste eginkizun batzuk ere beteko zituen. Horrek guztiak balioaniztasuna emango zion elizari, mendeetan zehar galdu egin dena.

Apaindura gutxiko aurrealdea du. Barrualdea errenazentista, barrokoa iragartzen duten ereduz osatua dago, sapaia egurrezkoa izatea adibide gisara. Bai Tourseko San Martin eliza bai Zumarragako Antzinako Amarenean ezaugarri berezi hauek mirestu ditzakegu gaur egun. Tenplu hau, Zumarragako Antiokoarekin batera, elizak eraikitzearen era bakan baten adibide gisa har ditzakegu, elizak harria eta zura uztartuz egindakoena, hain zuzen.

1983ko eraberritzeari esker, ordura arte baino are ederrago ikusten dira egurrak eta harrizko egiturak.

Tourseko San Martin Elizan ikus daitekeen artea

  • ERRETAULA NAGUSIA. Aurretik zegoen erretaula hartako elementu batzuk aprobetxatuta egindakoa; olioz margotutako atzealdea luzatu egiten dela dirudi, joan zen mendean elizari kendutako absidearen ordezko gisa.
  • XV. mendeko KRISTO GURUTZATUAREN irudia. San Juan eta Ama Birjiña, Domingo Mendiaratz eskultore urretxuarrak 1600. urtean eginak.
  • TOURSEKO SAN MARTINEN irudia, XVI. mendekoa eta Santa Anastasiaren irudia, Florentino Lomillo eskultore burgostarrak egina.
  • XVI. mende hasierako santuen irudien hondakinak.
  • SANTA KATALINAREN ERRETAULA. Juan de Araozek 1574. urtean egindako obra. Horko irudi nagusia Juan de Lizarazu eskultore urretxuarrari zor diogu.
  • AMA BIRJINAREN ERRETAULA. Domingo de Mendiaratz artista urretxuarrak 1582. urtean erromanista estiloan egindako erretaula.
  • SANTA LUTZIAREN ETA SANTA AGEDAREN IRUDIAK. Domingo de Mendiaratzek 1580an eginak.
  • SANTIAGO ETA SAN BARTOLOME. XVI. mende hasierakoak.
  • ARIMEN KAPERA. 1669 urtean Nekolalde familiak egina herriarentzako.
 
Urretxu-Zumarraga :: Herri-arkitektura
Ipeñarrieta-Korral jauregia (Urretxuko udaletxea)

Iparragirre kaleko 20. zenbakia, egungo Urretxuko Udaletxea. XVII. mendean eraikitako jauregia da. Dekorazio elementu bakan batzuk baino ez ditu. Eraikuntzaren estilo orokorra herreratarra da. Ate nagusiaren ateburuan garai hartan herriaren erabilerako atsotitz bat dago.

 
Urretxu-Zumarraga :: Monumentuak
Iparragirreren omenezko estatua

Iparragirre enparantzan jarria, San Martin de Tours eta Ipeñarrieta-Korral Jauregi eta udaletxearen ondoan dagoelarik, Jose Maria Iparragirreren omenezko estatua Francisco Font y Pons eskultoreak egin zuen. 1890eko irailaren 28an inauguratu zen eta egitearen kostua, garaiko instituzioek lagundutako eta baita Euskal Herrian eta Habanan eta —batez ere— Buenos Aireseko Euskal Etxeetan herri-harpidetzen bitartez jasotako diruz egin zen. Carrarako marmolez egindako estatua, tamaina naturalekoa da eta Mañariako harrobietatik egindako oinaldea du. Zokaloa hareharrizkoa da eta esparru osoa burdin hesi batez inguraturik dago. Oinaldeak, Dionisio Acha zumarragarrak egina, Gipuzkoako armarria du. Elizara begira dagoen aldean honako esaldia irakur daiteke: "José María Iparragirre bere jaioterriak Euskal Erri guztiak baita ere erbesteetan sakabanatutako euskaldunak eskeintzen dioten oroipen au MDCCCLXXXX". Eskuinaldeko alboan: "Euskal Erriaren oroipena". Eta ezkerraldekoan, gitarra bat eta musikazko paper batzuk "Gernikako Arbola" kantaren lehen konpasekin. Probintziaren armarria, alegoriak eta inskripzioak marmol zuriko harlauzetan erliebean eginak dira eta grabatutako eta gero gorriz margotutako inskripzioak antzinako kodize zaharren estiloan daude. Estatua honek albo bana Gernikako Arbolaren bi urtadarrez lagundurik dago.

 
Urretxu-Zumarraga :: Herri-arkitektura
Iparragirreren etxea

Jose Mari Iparragirreren sortetxea. Izen bereko kalean kokaturik dago.

JOSE MARIA IPARRAGIRRE (1820-1881)

Jose Mari Iparragirre Balerdi Alzola etxean jaio zen 1820ko abuztuaren 13an, Kale Nagusian, beraz, gaur egungo Iparragirre 8an. Oso gaztea zela Madrilera joan zen bere gurasoekin. Egun batean, eskolara zihoala esanez, ama agurtu eta Euskal Herrirantz abiatu zen, eta karlistekin boluntario gisa eman zuen izena. 1839an, Bergarako besarkadaren ondoren, Europan atzerriratu zen. Londresen zegoela, Manuel Mazarredo jeneral bilbotarrak kantuan entzun zion, eta berarekin hitz egin eta gero, indultoa agindu zion. Berriro Euskal Herrian, Bilbon abestu ondoren, Madrilera joan zen ama agurtzera. 1853an abestu zuen aurreneko aldiz Gernikako Arbola, San Luis kafetegian.

Gero, Euskal Herrira itzuli, eta ereserki hilezkorra abestu zuen, batzuentzako probokatzailea zena. Horren ondorioz, Tolosan gartzelaratu egin zuten. "Nere amak baleki" abestia egin zuen amaren oroigarri. Euskal Herritik kanporatu zuten berriro, eta 1855ean Espainia eta Portugalen zehar ibili zen. Itzultzean, Maria Angeles Kerejeta ezagutu zuen, gero bere emaztea izango zena, eta 1858an Buenos Aires aldera joateko itsasontzia hartu zuten biek. Bertan ezkondu eta zortzi seme-alaba izan zituzten. Hainbat langintzatan proba egin zuen, hala nola artzain, tabernari, etabar, baina suerte eskasa izan zuen beti. Familia ozta-ozta bizi izan zen. Herriminaren ondorioz, eta herrikide batzuek bidaia ordaindu ziotelarik, Baionan lehorreratu zen 1877an, eta "Ara nun diran" bere abesti ederrenetako bat egin zuen. 1881eko apirilaren 6an hil zen Ezkioko Zozabarroko bentan, neumoniak jota. 60 urte zituen azken hatsa eman zuenean.

ITURRIA: Urretxuko Udala

 
Urretxu-Zumarraga :: Parajeak
Errege-Bidea

XVI. eta XVII. mendeetan, Madril eta Irunen arteko bide nagusia izan zen. Bide honen mantenua Udalari zegokion, eta hori horrela izan zedin ardura Gipuzkoako Batzar Orokorrek zuten. Bide honetatik, gobernadore, errege, zaldun eta abar pasa ziren. Felipe IV erregea hain zuzen ere, errepide honetatik igaro baitzen, bere alabaren ezkontzara Frantziara zihoanean, XVII. mendearen hasieran. Beste bidaiari entzutetsuen artean, Velazquez pintorea ere bide honetan ere ibilia izan zen.

Errepide hau, Bekaibar aldetik sartuko zen Urretxuko herrian, gero Santa Barbaratik pasa eta herrira jaitsi ondoren, Zumarragatik pasa, Ezkiorantz jarraitzen zuen. Bide honen ospe edo indarra, Deskargako errepidea zabaldu zen artekoa izan zen, 1760. urtean hain zuzen.

Urretxuko Udal Barrutian, egun bi tokitan salbu dago, Altamira baserriaren inguruetan, errepidea zeharkatu ondoren -aldapa gogorrean dagoen tartean- Iparragirre Institutuaren ondoko Etxaburu baserriaren inguruetan. Azkeneko honek Telefonicak 90. hamarkadan egin zituen lanen eragina jaso zuen eta hauen ondorioz galtzadak metro batzuk galdu zituen.

Beste adibide bat, nola pixkanaka-pixkanaka ondarea galtzen ari garena.

 
Urretxu-Zumarraga :: Parajeak
Etxaburutik gorako zorbidea

Lehenagoko bide zaharrak herriaren eta auzoaren onurarako zabaltzen ziren, betiere beharrak kontuan harturik. Iraganbide horrek eskubidea ematen zuen handik ibiltzeko, nahiz eta inguratzen zituzten lurrak pribatuak ziren. Hauek ziren zorbideak eta bisitatuko dugun Etxaburutik Nebera alderako bidea adibidea da.


Hasiera |  Aurrekoa |  (orrialdea 1 / 6) |  Hurrengoa  |  Amaiera



Bibliografia

  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa. Aranzadi Elkartea (1991).

  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa - Aurkikuntza Berriak 1990 - 2001 / Nuevos descubrimientos 1990 - 2001. Aranzadi Elkartea.

  • Diccionario Ilustrado de Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran

  • Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran. Editorial Txertoa (1984).

  • Ezagutu Gipuzkoa CD-ROMa. Elhuyar Elkartea (1993).

  • Las Ermitas de Gipuzkoa. Luis Pedro Peña Santiago. Gipuzkoako Foru Aldundia (1995).

  • Montañas del País Vasco (Tomo 2 - La campana de Oro). L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).

  • Leyendas y tradiciones populares del País Vasco. L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).

  • Telleriarte etxez etxe. Joxe Luis Ugarte/Esteban Altzelai/Agustin Beloki. Telleriarteko Auzo Elkartea (1995).

  • Estudio de Historia de Urretxu (en su VI centenario). Mila Alvarez Urcelay/Pedro Gonzalez Argomaniz/Antonio Ayllon Iranzo/Jose María Iztueta Leunda. Urretxuko Udala - Gipuzkoako Foru Aldundia (1986).

  • Legazpin barrena (oinez). Antxon Burcio. Legazpiko Udala (1995).

  • Legazpin barrena (BTT-z). Mikel Oskoz. Legazpiko Udala (1995).

  • Goierri mendiz mendi. Egile batzuk (1997).

  • Urretxu eta Zumarragako toponimia. Joxe Luis Ugarte. Onomasticon Vasconiae (Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea eta Euskaltzaindia, 1999).

  • Legazpi - Burdinezko bihotza - corazón de hierro. Juan Aguirre. Legazpiko Udala, 2006).