Nor zen Iñaki Beitia Larrañaga...

Iñaki Beitia 1961eko abuztuaren 4an sortu zen Aizpurutxon. Gaztetatik izan zuen lotura Urretxu Zumarragarekin, hemen egin zituen nerabezaro garaiko lehenengo lagunak, bere koadrila, nahiz eta joaten zen lekura joaten zela lagunak edonon egin. Irakasle-ikasketak burutu zituen eta irakasle, maisu, zen Urretxu-Zumarragako Ikastolan. Kirola atsegin zuenez, ikastolako makina bat ikasleri kirol guztiekiko maitasuna transmititu zien Eskola Kiroleko arduradun zela. Kirolekiko zaletasun hori mendian islatzen zen bereiziki. Mendizale porrokatua, erraza da edozein mendi zeharkaldi, eskiatzen edo mendi bizikletan irudikatzea, eta horregatik Ostadar Mendi Taldeko bazkide sortzailetako bat izan zen.

Euskara eta euskal kulturaren alde lan asko eta ugari egindakoa zen: Korrika, Kilometroak, Herri Urrats, Urretxuko Euskal Jai eguna, Bertso-eskola... Iñakik erein zituen hazietako batzuk dira eta oraindik kimuak ematen dituzte.

Euskal Herria maite zuen, abertzale eta euskalduna zen, honen libertatean sinesten zuen. Konpromiso horrek bultzatuta, 1995ko Udal Hauteskundetan Herri Batasuneko zerrendetan aurkeztu eta zinegotzi bezala hautatua izan zen. Euskara Batzordeko arduraduna zen utzi gintuenean.

Aipagarria da bere jatortasun, apaltasun eta alaitasuna. Bere printzipioak, ideiak, iritziak tinko defenditzen eta eusten bazituen ere, beti saiatzen zen arazoa besteen ikuspuntutik aztertzen eta errespetuz jokatzen zuen. Hitzeko pertsona zen, edozein arazo edo egin beharretarako behar bazenuen prest agertzen zen laguntzarako. Lan egiterako garaian, lan isila eta iraunkorra zuen gustuko, bera izaten zen lehena lanean jartzen eta beste guztientzat adibide. Parranda zalea ere bazen eta asko izango gara bere konpainia ederrean, Santa Anastasia Jaietan, inauterietan, mendi irteera batetan... afari eta afalondoren bat, gaupasaren bat gogoratzen ez dugunok.

1996ko uztailean, horrenbeste atsegin zuen Oleta mendian bizikletan zebilela zendu zen, estimatzen genuen guztiongan benetako hutsunea utzi zigun. Bere oroimena pizturik mantentzeko bere izena daraman mendi martxa hau egitea otu zitzaigun, denok maite genuen laguna zelako.

OHARRA: Iñakik hainbat omenaldi jaso izan zituen zendu ondoren. Hauetan irakurritako testuak eta errekuperatu ditugun argazki batzuk, web honetan ireki dugun omenaldien atalean aurkituko dituzu.

Iñaki Beitia ...

Bost puntetako izar bat zinen
jakin ezazu aurrena,
aberriaren maitasuna bat;
bestea euskararena;
hirugarrena mendigoizale;
irakasle, laugarrena,
bostgarrengoa,
jatortasuna sinbolizatzen zuena.
Orain ordea, zaude geronen
mugetatik at irtena,
eta zu zara zeruetako
izar distiratsuena,
gaurik beltz eta ilunenean
diz-diz egiten duena.

—Nerea Elustondo—



Iñaki Beitia, Pirinioetan Iñaki Beitia, arrebekin Aurkezpen batean laguntzen 1986 - Angel Orus aterpean - Benasque Loiolan koadrilarekin Hilario Aranbururekin bizikletan Iñauterietan Iñauterietan Santa Ageda bezperan Balaitous gainean Sukaldean 1993/06/19: Lescungo kanpinean denda jartzen laguntzen. Billaré mendira igoko ziren. Juan Mari Aierberekin batera Aldapa gora Juanito Otaegirekin Aurkezpen batean 1992/09 - Vero ibaian Ostadar Mendi taldeko irteeran 1995/11/05 - Ostadar MT-aren irteeran - Erronkarriarren abelbidean 1991/03/21 - 7. Korrika Urretxura sartzen - Gotzon Aranbururen argazkian Iñauterietan