Jada entzungo zenutenez, Urretxu-Zumarraga inguruan bi zentral eoliko egin nahi dituzte: bat Irimon eta bestea Oleta aldean. Honakoa da orain arte dakiguna:
Bi proiektuak Capital Energy enpresaren esku daude.
Irimon bi dorre jarri nahi dituzte, 220 m-ko altuera izango dutenak eta, biek batera, 12 MW-ko potentzia izango dutenak. Oinarriak 22,90 m-ko diametroa eta 4 m-ko sakonera izango dute. Gaur egun mendietan daudenak baino askoz ere handiagoak dira dorre hauek (Elgean daudenen altuera bikoitza baino handiagoa izango dute).
Oleta aldean lau dorre egin nahi dituzte, 200 m-ko altuera izango dutenak. Oinarriak 25,8 m-ko diametroa izatea espero da, 4 m-ko sakonerarekin. Guztira 18 MW-ko potentzia izango du zentral honek eta 2024rako amaituta izatea aurreikusten dute.
Egoeraren aurrean ondorengoa adierazi nahi dugu:
Kontziente garela ezinbestekoa dugun trantsizio ekologikoak energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa eskatzen duela.
Dena den, jakin badakigula ez dela nahikoa teknologia bat besterenagatik ordeztea larrialdi ekologikoari aurre egiteko. Are gehiago, egungo kontsumo energetikoaren %20a besterik ez denean elektrikoa eta, nahiz eta ahalik eta prozesu gehien elektrifikatzea beharrezko eginbeharra izango den, erregai fosilik gabeko gizarte batean ezinezkoa dirudiela egungo bizi eredua mantentzea.
Berotze globala, klima aldaketa, biodibertsitatearen galera eta krisi energetikoa gaur egungo antolaketa sozial eta ekonomikoaren ondorio direla eta honen aldaketa sakonik gabe dorre eolikoak jartzeak ez duela ezertxo ere aldatuko.
Ezinbesteko trantsizio honek planifikazioa eskatzen duela eta, gogoeta hori kolektiboki eta herritarron parte hartzearekin egin ezean, egungo ereduak enpresa pribatu handiek gure natura baliabideak espoliatzea dakarrela, etekinak inguruan geratu beharrean.
Naturarekin dugun harremanari eta lurraren erabilerari buruzko eztabaida ezinbestekoa dugula, dependentzia energetikoaz gain, Euskal Herriak elikagaiei dagokionez duen dependentzia ere itzela baita.
Urretxu eta Zumarraga industrializazio bortitza jasandako herriak izaki, gelditzen zaizkigun naturgune apurren galera dakarrela eolikoen proiektu honek, horrek herritarron ongizatean dakartzan ondorioekin (dorreez gain, gogoratu mendiak pistaz betetzea ere beharrezkoa izango dela eraikuntza eta mantenurako).
Honengatik guztiagatik ondorengoa diogu:
OLETA ETA IRIMON ZENTRAL EOLIKORIK EZ!
TRANTSIZIO EKOLOGIKO ORDENATU ETA ERREALA ORAIN!
Urretxu-Zumarraga bizi! taldea
Informazio gehiago Goierriko Hitzan.