Leku interesgarriak

Informazioa

Atal honek aurtengo edizioari dagokion informazioa eguneratu gabe dauka. Egun batzuk barru ibilbidean agertzen diren gune interesgarriei buruzko informazio eguneratua eskura izango duzu...



Mendi-martxaren edizio guztietan zehar ezagutu diren toki interesgarri, monumentu, kondaira eta megalitoen zerrenda.

Ondorengo lerroetan ibilbidean zehar (baita aurreko edizio guztietan ere) Urretxu eta Zumarraga inguruetan -baita gainerako Goierri eskualdeko paraje eta Urola-Kosta eskualdeetako beste zenbait lekuetan- ezagutu ditzakezun toki interesgarri, monumentu eta megalitoen zerrenda duzu. Martxa honetan mendia maite dugu, eta era berean leku horiek guztiek gordetzen dituzten sekretuak (kondairak, gertakari historikoak, ...). Gure mendiak toki biziak direlako. Mendiaz gozatzeaz gain, gure mendiak ere ezagut ditzazun gonbita egiten dizugu.

Leku eta monumentu guztiak (aurtengo edizioa)

Leku eta monumentu guztiak (edizio guztietan)


Gune guztiak (kokapenaren arabera)


Gune guztiak (tipologiaren arabera)




... Mendia ez da bakarrik bakardadea, are gutxiago Euskal Herriko mendia. Gehienetan, geure inguruari arreta pixka batez so eginez, Historia berberarekin topo egiten dugu. Mendiak, ataka desolatuak, basoak, zubiak, bentak, baselizak, bordak, zalbideak, trikuharriak, harrespilak, kondairak, mitoak, erromeriak, artzainak, gudak, pelegrinazioak ... Ez al da gauza askotxo? Ez, bizitza osoa da gure bidera jauzi egiten ari dena, eta guk ezin dugu geldiarazi, bera gu geu garelako ...

—Luis Pedro PEÑA SANTIAGO—

Responsive image

Ibilbide laburrean (ordena kronologikoa) [51 sarrera]

Hasiera  |  Aurrekoa  |  (orrialdea 4 / 6) |  Hurrengoa  |  Amaiera

 
Agerreburu-Aizpurutxo :: Bestelakoak
Aizpurutxo auzoa

Azkoititik kilometro gutxitara, Urola ibaiaren ondoan, Urretxuko norabiderantz berarekin muga eginez, Aizpurutxoko auzoa dago. Bertan bi jatetxe, eliza bat eta Herri-Eskola zaharren azpian eskuz jokatzeko -19 x 6 metro neurriko- pilotaleku txiki bat daude. Frontoi honetan bertan kokatzen da, Iñaki Beitiaren omenezko mendi-martxaren anoa-postuetako bat, eta Aizpurutxo da Iñaki Beitia jaio zeneko herria, Iñaki baita martxa honetan omentzen eta gogoratzen dugun euskaltzale eta mendizalea.

Eskaintzen dizkigun testigantza gehienak berriki eraikitakoak dira, eta ibaian zehar azaltzen diren gune hidroelektrikoak dira aipagarrienak. Hauek aspaldiko errota hidrauliko eta burdinolen ondorengoak dira. San Agustin eliza XX. mende hasierakoa da, inguruari darion berri-usaina indartuaz; modernotasun honekin loturiko beste ezaugarrietako batzuk, bertatik pasa den trenbidea (Urola bailarako trenak erabili zuena) eta errepide bidezko garraioa dira.

Aizpurutxok eskaintzen dituen berezitasunetako bat, Gipuzkoako beste hainbatekin herrirekin gertatzen den bezala, hiru udal barrutietan banaturik dagoela da, Azkoitiarekin, Antzuolarekin eta Bergararekin hain zuzen. Bere biztanleek dioten moduan, eraikinetako bat, bi herrien arteko mugan kokaturik dago.

Erromeri tokia, Aizpurutxo ere bertan ospatzen ziren festa zahar eta erromeria herrikoiei oso loturik bizi izan den auzoa da, hona etortzen baitziren, inguruko herrietako hainbat eta hainbat lagun festa-giroaren bila. Bere jaiak, abuztuaren 28an, San Agustin egunaren inguruetan egiten dira.

Adibide bezala, hemen jarri nahi dugu Iñaki Beitiak Aizpurutxorentzako idatzi zuen trikiti abestia.

Aizpurutxuko Trikitixa
(Iñaki Beitia)

Mendi tartean sarturik
mendi tartean sarturik
ez degu toki haundirik
eta toki txiki hortan
bizi gerade lasairik
bizi gerade lasairik
mendi tartean sarturik

Irimo, Gorla, Oleta
Irimo, Gorla, Oleta
heldu zuk ere hor da eta
hauetxek betetzen dute
Aizpurutxoko erreka
Aizpurutxoko erreka
Irimo, Gorla, Oleta

Gipuzkuko bihotzian
Gipuzkuko bihotzian
Aizpurutxo da erdian
hau desagertu ezkero
legoke erdi hilian
legoke erdi hilian
Gipuzkuko bihotzian

Zati bat Bergarakoa
zati bat Bergarakoa
beste bat Antzuolakoa
baina zatirik handiena
degu guk Azkoitikoa
degu guk Azkoitikoa
hauxe da azkenekoa

http://www.bergara.net eta beste iturriak.

 
Oleta-Izazpi :: Ipuin eta kondairak
Trinitate Igandeko erromerian Oletako etxolaren teilatuan dantzan

Trinitateko erromeriarekin loturik, bada bertako etxolari buruzko kondaira bat, Aizpurutxon jasotakoa bera. Garai zaharretan hain jendetsuak ziren bertan, Trinitate Igandean egindako erromeriak, ezen, dantzatzeko tokiaren faltagatik-edo, bertako etxolaren teilatuaren gainean ere dantza egiten omen zela. Horrexegatik hain zuen, bertako etxolaren teilatuan hainbat neskatxak dantza egiteagatik, erori omen zen haren teilatua, txabola erabiltezina geratuz.

Ostera, urte askoz etxola erorita izan da eta azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zumarragako eta Azkoitiko udalen (azkeneko honek ekonomikoki lagunduta gainera) eta Oleta Elkartearen ekimenei esker, lortu da 2008ko maiatzaren 18an (Trinitate Igandean), 72 m2-ko etxola berria inauguratzea. Etxola ageriko kareharrian egindakoa da, juxtu aurreko etxola zaharraren arrastoak geratzen ziren tokian.

Orain Oletako paraje ederrak badu toki mendizalearentzako seguru bat, ekaitzak bidean harrapatzen badu.

 
Oleta-Izazpi :: Ipuin eta kondairak
Oleta mendiko jentila

Bada Oleta lepoan kokaturiko jentil bati buruzko kondaira zahar bat, jentil batek Aginaga, Azkoitia eta Zumarraga arteko lurralde-mugak harri handi bat jaurtikiz zehaztu zituela kontatzen duena. Halaxe kontatzen du aupatu kondaira hau Luis Pedro Peña Santiagok bere "Leyendas y Tradiciones populares del País Vasco" liburuan:

"[...] Baserritarrak, gu baino askoz argiago eta praktikoago direnez —guk gauza guztien jatorria errotik azaltzeko joera dugu-eta—, Oletako mugen anabasaren jatorria jentil bat protagonista duen kondaira batekin konpondu zuten. Kondaira honen arabera, Jentil batek Oleta mendiaren gainetik, harritzar bat bailara aldera jaurtikiko zuela esan zuen, harria eroriko zen tokia muga izango zela esanez. Mugarria Oletako behealdera iritsi zenez, halaxe geratu ziren orduan zehaztuta inguruko herri mugakide guztietako mugak. Nik neuk Oleta mendiaren ondoan "jentilaren" harri hori oraindik orain ikusia dut, hareharrizkoa da eta gurutze bat landurik dauka."

Aizpurutxon jasotako kontakizun batek dioenez, Oletatik behera badira harri batzuk tente, eta kondairaren arabera, jentilak berak botatako harriak omen dira.

 
Oleta-Izazpi :: Megalitoak eta aztarnategiak
Oletako tumulua

Oleta-Izazpi megalitotegiko tumulua. 1989an aurkitutako hileta-monumentua. 0,30 m-ko garaierakoa da eta 8,30 m-ko diametroa du. 3 m-ko diametroko kraterra erdian eta 0,30 m-ko sakonera du. Bertako basaltoak.

 
Oleta-Izazpi :: Monumentuak
Oletako gurutzea

1981. urtean Oleta lepoan jarritako gurutzea. Urtero Trinitate igandean, erromeri herrikoia ospatzen da inguruan.

 
Oleta-Izazpi :: Ipuin eta kondairak
Karlistek liberalei Oleta aldean eginiko segada eta urrea zeramaten mandoen ihesaren kondaira

Bada Aizpurutxo eta Zumarragako Agiñaga auzoetan gordetzen den kondaira zahar bat, gerra karlistetako batean Oleta lepoaren inguruetan gertatu omen zenekoa. Garai haietan, liberalen konpainia bat bertatik pasatzen ari omen zen mandoz garraiatutako urrezko kargamendu batekin. Eta ezkutaturik, karlistak bertan itxaroten ari ziren, zelatan, liberalen zain. Liberalen konpainia bertara iritsitakoan, karlistek segada gogor batean sartu eta liberalei erasotzen hasi zitzaiela dio kondairak.

Tiroketaren erdian, bizirik eta libre geratu ziren mandoek ihes egin eta urrea gainean eramanda, inguruko baserrietan amaitu omen zuten ibilbidea. Egun, inguruko esamesek zenbait baserrik urrea eskuratu zutela diote, izan ere, urte batzuk geroago, azaldu ezinezko gorakada ekonomikoa erakutsi zuten.

Karlistek liberalei egindako segadaren kondairak badu jarraipena, Aizpurutxon jasotako kontakizun honen arabera:

Urteak pasa ziren eta, Urdanbitta (Urdanbideta) baserriko hiru mutilzaharrek urrea aurkitu omen zuten etxean. Bitartean, baserriko ama hilzorian zuten etxean eta apaiza azken aitortza egitera joan zitzaion orduan. Baserriko amak apaizari aitortzan kontatu zion urrea iraganean etxean aurkitu izana. Apaizak dirua bueltatzea eskatu zion, eta baserriko amak, hilzorian ezetz eta ezetz erantzun zion dirua ezin utzirik...

Kondaira honekin batera, gero, ez da batere harritzekoa 1979-1980 urteen inguruan Oleta inguruan kokatzen den Iruarrieta trikuharriari gertatu zitzaiona, herritar batek hondeamakina batez monumentua nahastu eta irauli baitzuen, bertan gordetako ustezko altxorren baten bila-edo. Egun ez dakigu halako barrabaskeria egin zuenak kondaira honexegatik egin izan ote zuen -diruaren zatiren bat trikuharrian gorderik izango zela uste izango zuen-, edo eta, euskal kondaira zaharretan hain sustraiturik dagoen megalitoetan gordetako urrezko kanpaiaren kontuagatik egin zuela ere.

Hala ere, behin-betiko ikas dezagun. Kondairak gorde ditzagun, baita gure ondarea ere. Gure arbasoen iragana eta utzitako ondarea gurekin loturik daude-eta.

 
Oleta-Izazpi :: Ipuin eta kondairak
Urrezko kanpaiaren kondaira...

Kondaira honen arabera, Euskal Herrian guztiz zabaldua, trikuharri eta antzeko megalitoetan urrez beteriko kanpaia gordetzen zela sinetsi izan da. Horren ondorioz, hainbat eta hainbat trikuharri arpilatuak izan dira azken mendeotan.

 
Oleta-Izazpi :: Megalitoak eta aztarnategiak
Iruarrietako trikuharria

Iruarrieta megalitotegiko trikuharria. 1979an aurkitutako hileta-monumentua, Azkoitiko udal-barrutiaren barruan kokaturikoa. Trikuharria, baso-pista batek nahastua, hondatua eta zeharkatua dago. Egun, tumuluak 30x15 m-ko neurria du eta 2,10 m-ko altuerakoa da. Bertako basaltoak eta kareharri tuparritsuak.

Dirudienez, 1979-1980 urteen inguruan hondeamakina batek monumentua nahastu zuen, ustezko altxorren baten bila-edo. Euskal sineskerian dagoen 'Urrezko kanpaia'ren mitoa, hainbat aldiz trikuharriekin eta bestelako megalitorekin lotutakoa, izan daiteke trikuharria erabat suntsitua uztearen arrazoia.

 
Oleta-Izazpi :: Megalitoak eta aztarnategiak
Iruarrieta I izeneko trikuharria

Iruarrieta megalitotegiko trikuharria. 1980an aurkitutako hileta-monumentua, Azkoitiko udal-barrutiaren barruan kokaturikoa. Trikuharria, tumulua eta ganbara nahasiak ditu. Tumulua, 0,25 m-ko altuerakoa da, 13 m-ko luzerako diametroa duelarik. Bertako basaltoak eta kareharrituparritsuak.

 
Oleta-Izazpi :: Parajeak
Samiño edo Irumugarrieta

933 m-ko altuerako gaina, Azkoitia, Azpeitia eta Zumarragako udal-barrutien arteko muga. Buzoia. Inguruetako bista ederra.


Hasiera  |  Aurrekoa  |  (orrialdea 4 / 6) |  Hurrengoa  |  Amaiera



Bibliografia

  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa. Aranzadi Elkartea (1991).

  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa - Aurkikuntza Berriak 1990 - 2001 / Nuevos descubrimientos 1990 - 2001. Aranzadi Elkartea.

  • Diccionario Ilustrado de Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran

  • Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran. Editorial Txertoa (1984).

  • Ezagutu Gipuzkoa CD-ROMa. Elhuyar Elkartea (1993).

  • Las Ermitas de Gipuzkoa. Luis Pedro Peña Santiago. Gipuzkoako Foru Aldundia (1995).

  • Montañas del País Vasco (Tomo 2 - La campana de Oro). L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).

  • Leyendas y tradiciones populares del País Vasco. L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).

  • Telleriarte etxez etxe. Joxe Luis Ugarte/Esteban Altzelai/Agustin Beloki. Telleriarteko Auzo Elkartea (1995).

  • Estudio de Historia de Urretxu (en su VI centenario). Mila Alvarez Urcelay/Pedro Gonzalez Argomaniz/Antonio Ayllon Iranzo/Jose María Iztueta Leunda. Urretxuko Udala - Gipuzkoako Foru Aldundia (1986).

  • Legazpin barrena (oinez). Antxon Burcio. Legazpiko Udala (1995).

  • Legazpin barrena (BTT-z). Mikel Oskoz. Legazpiko Udala (1995).

  • Goierri mendiz mendi. Egile batzuk (1997).

  • Urretxu eta Zumarragako toponimia. Joxe Luis Ugarte. Onomasticon Vasconiae (Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea eta Euskaltzaindia, 1999).

  • Legazpi - Burdinezko bihotza - corazón de hierro. Juan Aguirre. Legazpiko Udala, 2006).