2009/05/25
Biharamuneko datuak...
Nahiz eta ekaitzen arriskuaren iragarpena izan, egun berean beste ekitaldi batzuekin bat egin eta antolakuntzak prestatutako ibilbidea gogorra izan, 1.150 martxazalek Iñaki Beitiaren omenezko mendi-martxan izena eman zuten; 2008an baino lagun batzuk gehiago hain zuzen.
195 lagun irten ziren ibilbide luzea betetzearren, 52 bat kilometro oinez egin eta 2.300 metro desnibela gainditzeko asmoz. Eta 955 lagun irten ziren hain luzea ez den ibilbidean; bi martxen arteko proportzioa urtez urte laburraren alde azaltzen ari da.
Ia 300 emakume, horietatik 25 ibilbide luzea osatzearren.
Mendizaleen jatorria dela eta, partehartzaileen %50a baino gehiago Urretxu-Zumarragakoak zirela esan dezakegu (612 lagun hain zuzen). Legazpitik 74 mendizale etorri ziren. Azkoititik (65), Donostiatik (41), Ormaiztegitik (24), Arrasatetik (20), Gasteiztik (20 ere bai), Bilbotik (19)… ezohiko jatorri batzuk aipatzearren esan, martxa egitera Extremadurako biztanle bat etorri zela, Donostian bizi den brasildar batek parte hartu zuela, baita ere Urretxu herriarekin senidetutako Schwarzenbruck herriko bi biztanle hain zuzen.
Kordaletan pausatutako laino trinkoa goizeko lehen protagonista izan zen. Antolakuntzako kide batzuk arazoak izan zituzten euren kontrol-guneak aurkitzeko, izan ere, bost metro baino harago ez zen ia ezer ikusten. Eta parte-hartzaile askok despiste txikiak izan zituzten, ibilbidea oso ondo markatuta zegoela onartu bazuten ere; laranja koloreko hariak bere beharrak ondo bete zituen laino trinkoan mendizaleak gidatuz.
Bi martxak Irimoko kordalean egin zuten bat; ibilaldi laburreko mendizaleen erritmo lasaiagoak azkarragokoen erritmoa pixka bat trabatu zuen, hala ere, bizikidetasunez egin zuten bat eta momentuak lagunak agurtzeko balio izan zuen.
Anoa-postuak guztien gustukoa izan ziren, eskaintza zabalagatik, baita eskainitako kantitateagatik ere. Egoera zailetan postu eroso eta zabalak muntatu zituzten boluntarioak eskertu nahi ditugu, izan ere gose eta egarri datozen lagun askoren beharrak bete behar dira-eta.
Bi ibilbideak gogorrak dira, asko exijitzen dute, eta hori dela eta ez da arraroa lagun askok Aizpurutxotik autobusez zein bidegorritik bueltan etorri izana -dagoeneko nahikoa zitzaien-, hori bai, bertako bizilagunek frontoian emandako jakiak hartu ondoren. Horrelako martxa zirkularretan ageri den onuretako bat edozein momentutan erretiratzerik duzula da.
Helmugako giroa zuzenean jarraitzerik izan zen gure webgunearen bitartez (www.beitia.org), izan ere plazan dagoen balkoi batean estrategikoki web-kamara bat jarri genuen. Freskagarriak, garagardoa, kalimotxoa doan ematen genuen barra pixka bat ezkutatu genuen, inor begiztaturik senti ez zedin. Eta igandetik aurrera martxaren bideo egin berriak ikus daitezke gure webean... Otamotz aldizkariaren lanari esker. Halaber, oraindik egin ez dutenek, gure webgunean jarrita dagoen inkesta bete dezakete.
Gurutze Gorriko boluntarioek esan zigutenez, ez zer kontu larririk gertatu. Urradurak, karranpak, muskulu-uzkurduraren bat baino ez ziren gertatu. Jende ugari lurrera erori zen lurrazala labainkorra zegoelako, baina minik, buru-estimuan baino ez zuten izan.
Laurak aldera ekaitza bortizki azaldu zen. Parte-hartzaileen gehiengoa dagoeneko helmugan zegoen, ez ordea ibilbide luzeko azken martxazaleak, azkeneko kontrol eta anoa-postuetako laguntzaileak, eta eskoba-taldeko lagunak. Blai eginda iritsi ziren, pozik ere bai. Hau da mendi-martxa honen espiritua; halaxe zen Iñaki. Dagoeneko datorren urteko ekitaldiari buruz hausnarketa lanetan jarri gara...
Mendi-martxa honetan parte hartu dutenei eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen... bai entitateei, dendei, enpresei,.. eta batez ere, Iñaki Beitia zenarentzako apala baina aldi berean sakona den maitasun-keinua adieraziz hain baldintza kaskarretan asteburua eskaintzeko prest agertu ziren laguntzaile guztiei. Eskerrak guztiei.
Kontuan hartu zure posta elektronikoa eta URL-a ez direla webgunean publikatuak izango.
Blog honetan erantzunak egiten duen orori errespetuz egitea eskatzen zaio. Beitia mendi martxak bere gain hartzen du eskubidea bere iritziz ez egokitzat hartuko lukeen erantzun oro blog honetatik ezabatzeko.
Izarrez markatutako eremuak bete behar dira.