Berriz ere, partaidetza dela-eta, antolakuntzaileok espero ez genituen emaitzak lortu genituen. Izena emandako lagunak 595 izan ziren (202 ibilaldi luzerako, eta gainontzeko guztiak ibilbide laburrerako); helmugara iritsi ziren lagunak 500 baino gehiago izan ziren. Aurreko egunetan izandako eguraldi on horrek bat baino gehiago ibilaldi parte hartzera animatu zuen.
Igande berean izena emandako lagunak 185 izan ziren, aurreko urtean baino 100 lagun gehiago. Eta kontuan izan, horrek ez duela anoa-postuak ondo hornitzeko kalkuluak egiten laguntzen. Beraz, horrexegatik elastikoak agortu zitzaizkigun eta beranduen iritsi ziren lagunak diplomarik barik geratu ziren.
Elastikorik gabe geratu ziren lagunak Ostadar Mendi Taldearen egoitzan dituzte zor zaizkien elastikoak.
Ibilbide laburreko partehartzailerik azkarrena 3 ordu eta 25 minututan bete zuen bidea, eta ez zen kontroletan geldialdirik ere egin, "ilobaren jaun-hartzean parte hartzeko presaz zebilen"-eta. Kontroletan geldialdia eginez, azkarrenek 3 ordu eta 45 minututan bete zuten ibilbide labur osoa. Bataz-besteko denbora 5 eta 6 ordutan eginikoa izan zen.
Ibilbide luzea dela-eta, aurrean zihoan talde-kideek (hala izaten jarraitzen badute) kontroletako lagunek kontroletan gaua pasa dezaten behartuko dute. Izan ere, 52 kilometroak bete ahal izateko 6 ordu eta 25 minutu behar izan zituzten. Ibilaldia lehiaketa ez den arren, duten forma fisiko onagatik zoriondu nahi ditugu.
Partehartzaileak kexu izan baziren Aizpurutxo eta Etxetxiki arteko zidor estuarengatik izan zen: azkar eta fite ibili izan nahi zuten lagunek ezin zutelako motelago zebiltzaten lagunak aurreratu, eta aurreratzen saiatzen baziren osinen "laztanak" jasotzen zituztelako. Lasaien ibili ziren lagunak ordea, Urola bailarako bista eder horiek gozatzeko gai izan ziren.
Larritasun uneak bizi izan baziren-ere, anoa-postuak guztien gustukoak izan ziren. Espero ez genuen mendizalegoa dela-eta, jangaiak toki batetik bestera eramatera behartu gintuen; Jainkoari eskerrak, aurreko urteetan jasotako esperientzia baliagarria da...
Tolosako masailariek beste konpromisoak bazituzten ere, aurten ere gurekin izan ziren. Beraien lanari esker lagun bat baino gehiago aurpegi hobe batekin joan zen etxera.
Ibilaldi honetan laguntza eman izan duten erakundeak eskertzea baino ez zaigu geratzen: udalak, aldundia, Eroski, BM, Gurutze Gorria, Urola Garaiko Lanbide Eskola, masailariak, baserritarrak... eta izen-ematean, markatze-lanetan, kontroletan, anoa-postuetan, marken jasotzean, zidorren garbiketan... etab. (GUZTIAK), eta baita parte hartu zuten lagunak ere, giro euskaldun eta jatorrean egindako ibilbide honek Iñaki beste behin ere gurekin izan dadin ahalbidetu baitu.
---------------------
Aurten egin dugun V. Iñaki Beitia Omenezko V. Iraupen Luzeko Mendi-ibilaldi-ko antolatzaileok ibilaldian parte hartu zenuten guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu eta datozen ibilaldietan ere zuek berriz ikustea espero dugu.
Antolakuntza
Izarrez markatutako eremuak bete behar dira.