Leku interesgarriak

Informazioa

Atal honek aurtengo edizioari dagokion informazioa eguneratu gabe dauka. Egun batzuk barru ibilbidean agertzen diren gune interesgarriei buruzko informazio eguneratua eskura izango duzu...



Mendi-martxaren edizio guztietan zehar ezagutu diren toki interesgarri, monumentu, kondaira eta megalitoen zerrenda.

Ondorengo lerroetan ibilbidean zehar (baita aurreko edizio guztietan ere) Urretxu eta Zumarraga inguruetan -baita gainerako Goierri eskualdeko paraje eta Urola-Kosta eskualdeetako beste zenbait lekuetan- ezagutu ditzakezun toki interesgarri, monumentu eta megalitoen zerrenda duzu. Martxa honetan mendia maite dugu, eta era berean leku horiek guztiek gordetzen dituzten sekretuak (kondairak, gertakari historikoak, ...). Gure mendiak toki biziak direlako. Mendiaz gozatzeaz gain, gure mendiak ere ezagut ditzazun gonbita egiten dizugu.

Leku eta monumentu guztiak (aurtengo edizioa)

Leku eta monumentu guztiak (edizio guztietan)


Gune guztiak (kokapenaren arabera)


Gune guztiak (tipologiaren arabera)




... Mendia ez da bakarrik bakardadea, are gutxiago Euskal Herriko mendia. Gehienetan, geure inguruari arreta pixka batez so eginez, Historia berberarekin topo egiten dugu. Mendiak, ataka desolatuak, basoak, zubiak, bentak, baselizak, bordak, zalbideak, trikuharriak, harrespilak, kondairak, mitoak, erromeriak, artzainak, gudak, pelegrinazioak ... Ez al da gauza askotxo? Ez, bizitza osoa da gure bidera jauzi egiten ari dena, eta guk ezin dugu geldiarazi, bera gu geu garelako ...

—Luis Pedro PEÑA SANTIAGO—

Responsive image

Inguru guztietakoak

Inguru guztietakoak [216 sarrera]

Hasiera  |  -10  |  Aurrekoa  |  (orrialdea 21 / 22) |  Hurrengoa  |  +10 |  Amaiera

 
Urretxu-Zumarraga :: Eliz-arkitektura
Urretxuko San Martin de Tours eliza

Tourseko San Martin eliza XV. mendearen bukaeran eraiki zen. Hiru nabeko eliza da eta, hasiera batean, Zumarragako Antiguako Ama Birjinaren ermitak duen itxura bera zuen. Egun duen itxura XVI. mendean hartu zuen, orduan lehen birmoldaketa sakona izan baitzuen. Beste lan batzuekin batera, gaur ikus dezakegun estilo errenazentistako egurrezko ganga egin zioten. Ganga hori Juan de Lizarazu eskultore, arkitekto eta artista urretxuarrak diseinatu zuen. Gipuzkoan ez dago gisa horretako besterik eta benetan ikusgarria da.

Hurrengo mendeetan ere erreforma ugari egin ziren tenpluan. XVIII. mendean dorrea eraiki zen eta 1861ean absidea bota zen, Azkoitirako errepide berria egiteko.

Eraikuntza sendoa eta apaindura gutxikoa da; horrek eta ageri diren beste aztarna batzuek pentsarazten digute eginkizun erlijiosoaz gain, herriari babesa emateko helburua ere izango zuela bere garaian. Era berean, XVII. mendera bitartean gutxi gorabehera, eliz eremuak gizarte mailako beste eginkizun batzuk ere beteko zituen. Horrek guztiak balioaniztasuna emango zion elizari, mendeetan zehar galdu egin dena.

Apaindura gutxiko aurrealdea du. Barrualdea errenazentista, barrokoa iragartzen duten ereduz osatua dago, sapaia egurrezkoa izatea adibide gisara. Bai Tourseko San Martin eliza bai Zumarragako Antzinako Amarenean ezaugarri berezi hauek mirestu ditzakegu gaur egun. Tenplu hau, Zumarragako Antiokoarekin batera, elizak eraikitzearen era bakan baten adibide gisa har ditzakegu, elizak harria eta zura uztartuz egindakoena, hain zuzen.

1983ko eraberritzeari esker, ordura arte baino are ederrago ikusten dira egurrak eta harrizko egiturak.

Tourseko San Martin Elizan ikus daitekeen artea

  • ERRETAULA NAGUSIA. Aurretik zegoen erretaula hartako elementu batzuk aprobetxatuta egindakoa; olioz margotutako atzealdea luzatu egiten dela dirudi, joan zen mendean elizari kendutako absidearen ordezko gisa.
  • XV. mendeko KRISTO GURUTZATUAREN irudia. San Juan eta Ama Birjiña, Domingo Mendiaratz eskultore urretxuarrak 1600. urtean eginak.
  • TOURSEKO SAN MARTINEN irudia, XVI. mendekoa eta Santa Anastasiaren irudia, Florentino Lomillo eskultore burgostarrak egina.
  • XVI. mende hasierako santuen irudien hondakinak.
  • SANTA KATALINAREN ERRETAULA. Juan de Araozek 1574. urtean egindako obra. Horko irudi nagusia Juan de Lizarazu eskultore urretxuarrari zor diogu.
  • AMA BIRJINAREN ERRETAULA. Domingo de Mendiaratz artista urretxuarrak 1582. urtean erromanista estiloan egindako erretaula.
  • SANTA LUTZIAREN ETA SANTA AGEDAREN IRUDIAK. Domingo de Mendiaratzek 1580an eginak.
  • SANTIAGO ETA SAN BARTOLOME. XVI. mende hasierakoak.
  • ARIMEN KAPERA. 1669 urtean Nekolalde familiak egina herriarentzako.
 
Oleta-Izazpi :: Ipuin eta kondairak
Urrezko kanpaiaren kondaira...

Kondaira honen arabera, Euskal Herrian guztiz zabaldua, trikuharri eta antzeko megalitoetan urrez beteriko kanpaia gordetzen zela sinetsi izan da. Horren ondorioz, hainbat eta hainbat trikuharri arpilatuak izan dira azken mendeotan.

 
Urretxu-Zumarraga :: Herri-arkitektura
Uzkanga Etxea (Euskadi Enparantza, 2 - Zumarraga)

Udaletxe ondoan kokatutako, eraikin ilararen amaierako etxea. Itarte etxearen antzeko ezaugarriez. Lehen, Uzkanga etxeak eta Itarte etxeak kapera bana zuten barnean.

Behe-atal arkupeduna du. Oin nagusian lau bao eta balkoi daude. Atzeko fatxadan etxe-egutera bat dago, hirugarren oinaren altueran, mainel batek bereiziriko erdi-puntuko bi arkuz.

Uzkanga etxearen jatorria XIX. mendeko azken hamarkadetakoa da. Urte batzuk lehenago Ignacio Maria Alberdi eta bere anaia Antonio Ameriketara joan ziren. Garai hartan diru askorekin bueltatu eta etxe bana eraiki zuten udaletxearen ondoan: Antoniok Uzkanga etxea, -1981eko ekainetik aurrera Batzokia dagoen eraikina- eta Ignacio Mariak Itarte etxea.

 
Irimo-Antzuola :: Bestelakoak
Valdejunquera, Junkadia edo Gesalatzeko gatazka

Asko izan dira Jaitz (Salinas de Oro) eta Muetz artean Gesalatz ibarrean 920ko uztailaren 26an gertatu zen Valdejunquera edo Junkadi-ko gatazkari buruz egindako interpretazioak. Valdejunquera-ko ekintza Abd ar-Rahman III. emirrak sortua izan zen. Dirudienez ez zuen ez oso gustuko Antso I.a Gartzes erregeak lortzen ari zuen zabalkunde politikoa.

Gatazka izugarria izan zen eta kristauek jaso izan zuten galerarik handiena. Galtzaileak Muetzeko gazteluan ezkutatu ziren. Historiak dioenez, Abd ar-Rahman-ek preso hartu zituen eta berak burua moztu zien. Herriko zenbait dokumentuk zera diote, Antzuolatarrez osatutako konpainia batek Abd ar-Rahman-en gudarosteak ustekabean harrapatu eta garaitu zituela. Garaipen hauxe bera da Alardean gogoratzen dena.

Gatazka honen lehendabiziko datu zehatzak XVII. mendekoak dira. Hala ere, berari buruzko datu gehiago bere armarrian, eta urte oro herriko festetan azaltzen diren diskurtsoan, musikan eta Iparragirre urretxuarrak egindako bertsotan entzun daitezke. Antzuolako Alardeak bi zati ditu: bat Alardea bera, hots, desfilea eta armen deskargatzea, eta bi diskurtsoa eta mairuaren presentzia duen errepresentazioa.

 
Irimo-Antzuola :: Bestelakoak
Wolframioa eta Elhuyar anaiak

Zientzia eta teknologiak XVIII. mendeko gizartean garrantzia handiko gaiak izan ziren.

1779an, Peter Woulfe-k, Wolframita, (Mn, Fe) (WO4), izeneko mineral bat ikertzen ari zen bitartean, elementu berri bat izango zuela aurresan zuen. Bi urte beranduago, 1781ean, Carl Wilhelm Scheele eta Tobern Olaf Bergmanek, scheelita (CaWO4) mineraletik lorturiko azido bat ('azido tungstiko'-a hain zuzen) erreduzituz elementu berri bat lor zitekeela iradoki zuten.

1783an, Juan Jose (Logroño, 1754ko ekainak 15 - Bogota, 1796ko irailak 20) eta Fausto Fermin (Logroño, 1755eko urriak 11 - Madril, 1833ko otsailak 6) de Elhuyar anaiek, Wolframita mineraletik abiatuz azido bat aurkitu zuten, azido tungstikoaren berdin-berdina hain zuzen; anaietako lehena minerala berarekin ekarria zuen, Europan zehar bisitatutako meategi eta unibertsiteetan egindako ibilaldiaren ondoren. Uppsalan (Suedian) Tobern Olaf Bergmanengandik (1735-1784), garaiko kimiko hobereenganakotik, klaseak jasoak zituen, lehen aipatu Wolframioari dagokionez izandako intuizioak bertan aipatu zikziolarik. Era honetan, Real Sociedad Bascongada de Amigos del País delakoak Bergaran zuen laborategian -egun Edel oihaldenda aurkitzen den toki berean- elementu berria isladatzea lortu zuten, egur-ikatza erabiliz egindako erredukzio baten bitartez, itxura globularreko eta kolore griseko elementu metaliko berria eskuratuz: jatorriagatik Wolframio izena jarri zioten. Geroago, herrialde askotan, Tungsteno izena eman izan zaio, W sinboloa gorde duen arren.

Elhuyar Lubicetarrak Iparraldetik etorri eta Logroñon egonkortatutako familiako kideak ziren. Aita, Juan d'Elhuyar Surret, Hazparnen (Lapurdi) 1718an jaio zen, eta 'zirujau latindarra' izan zen. 1752an Bilbon egin zuen lan eta 1753ko otsailaren 3tik hil arte Logroñon mediku bezala aritu zen.

Geroago, Elhuyar anaiek Análisis químico del wolfram y examen de un nuevo metal que entra en su composición ikerkuntza-lana argitaratu zuten, aurkikuntza bera deskribatuz.

Wolframio edo Tungsteno elementuaren -fusio puntu oso altukoa, 3.000 0C gradutakoa- aurkikuntzak, zientzia eta teknologiaren arloko esparru anitzetan iraultza ekarri zuen (goritasun-lanparen filamentuetan, soldadurako elektrodo ez-kontsumigarrietan, erresistentzia elektrikoetan, eta altzairuarekin aleaturik, altzairu bereziak fabrikatzeko erabiltzen da).

Wolframioa estrategikotzat hartu den materiala dugu eta Bigarren Mundu Gerratik gehien gutiziatutako materialen zerrendan izan da. Esate baterako, EB-etako gobernuak sei hilabetetarako erreserbak gordetzen ditu, haren biziraupenerako behar beharrezkoak diren bestelako produktu batzuekin batera.

Metal hau gizarte modernoak ulertzeko behar-beharrezkoa zaigu. Berau gabe ezin izango genuke ekonomikoki fabrikatu inguratzen gaituzten makina guztiak, ezta hauen bitartez ere produzitu daitezkeen gaiak ere.

Bergaran ere aurkitu zen Platinoa xaflakor egiteko metodoa...

 
Agerreburu-Aizpurutxo :: Herri-arkitektura
Zabala baserria (Elosu)

XVI. mendeko etxea, Elosuko erdialdearen inguruan kokaturik dagoena.

http://www.bergara.net eta beste iturriak.

 
Gabiri-Legazpi :: Bestelakoak
Zeharrolak eta haizeolak

Testua prestatzen ari gara.

 
Gabiri-Legazpi :: Bestelakoak
Zepadiak

Testua prestatzen ari gara.

 
Urretxu-Zumarraga :: Bestelakoak
Zumarraga

Zumarragari buruzko lehenbiziko datuak 1366an agertu ziren, tronua eskuratu nahi zuen Enrikek, XIV. mendearen erdialdean Pedro I.a bere anaiordearen kontrako gerra zibilean ari zelarik, Zumarragako Monasterioa Lazkaoko Jaunari eman zionean. Geroago, inguru honetako biztanleek Ahaide Nagusi horren pean jasaten zuten kontrol zorrotzetik askatu nahirik, 1383ko abenduaren 11n, Urrutia izeneko tokian, egungo Eitzako auzotik hurbil alegia, konkordia-eskritura bat sinatu zuten Urretxu hiribildu sortu berriarekin. Agiri horren baiezpena Joan II.ak eman zuen 1385ean, eta Enrike III.ak berretsi zuen. Hala eta guztiz ere, 1405ean indarrik gabe laga zituzten erabaki horiek, eta herri biek Seguraren jabetza pean geratu behar zutela dekretatu zuten; eta halaxe izan zen 1411 arte. Zehazterik ez dugun garai batean herria Areriako Alkatetza Nagusian sartu zen, eta bertan mantendu gainera 1660 arte. Zumarragak, 1661ean, hiribildu titulua jaso zuen.

Hasiera batean Zumarraga gune sakabanatuz eraturiko herria zen, Zumarragako Andre Mariaren, gaur egun Antio izenez ezagutzen dugun horren inguruan diren baserriez funtsean. Baina urrunegi omen, eta XVI. mendearen bigarren herenean zehar parrokia haran hondora, ibarrera jaisteko eskaria egin zieten herritarrek eliz agintariei. Garbi noiz izan zen ez dakigun arren, Eitzako hiri izaerako gune nagusia sortu zen, Santa Engraziaren baselizaren, egungo San Gregorioren inguruan hain justu, eta San Kristobalgo baselizaren inguruan ere ba omen zen beste gune bat.

Herriaren historian zehar bada hainbat une edo gertaera berezi, hala nola: lehenbiziko Udal Ordenantzak, 1526koak; lehenbiziko Antolaketa Plana, Estibanz arkitektoarena, 1860koa; ura ekartzeko lehenbiziko lanak, 1861ekoak; Hiltegiaren inaugurazioa eta hamabostean behin, ostegunez, egiteko merkatua jartzea 1865ean, inguruko baserrietako produkzioaren irtenbidetzat; Udaletxe berriaren inaugurazioa 1866an, 1986an birmoldatu zutelarik estetika irizpide zeharo berrizaleen bidetik; Hilerri berriaren inaugurazioa 1875ean, 1984an kriptara itzuliz birmoldatu zutela; 1890ean Eskola Berriak inauguratu izana; eta 1930ean Esteban Orbegozo, S.A. enpresa herrian kokatu izana, lanpostu asko eta asko sortu baitzituen, 50eko hamarkadan zehar etorkin saldo handiak erakarriz herrira, demografia hazkunde izugarria eraginez —biztanle kopurua laukoiztu egin baitzen—, 1977an helduz 12.619 biztanleko kopurura. Une horretatik aurrera, krisialdi ekonomikoak alderanztu egin zuen joera, eta berezko hazkundea baino handiagoko emigrazioa hasi zen, egungo 10.324 biztanleraino jaitsiz kopurua.

Aipamen berezia merezi du trenbideak, Zumarragaren historian erabakigarria gertatu den elementua baitugu, hiru geltoki desberdin izatera heldu gara eta. 1864an inauguratu zuten Norteko Trenbidea —gaurko RENFE—, Madril-Paris lineaz; 1889an inauguratu zituzten Ferrocarriles Vascongados haiek, Zumarraga-Maltzaga lineaz; eta azkenik, 1926an, Urolako Trena, "Gure Trena" ospetsua, Zumarraga-Zumaia lineaz. Elementu honek, Vicente Larreak egin (1986) eta udaletxean kokatuta dagoen eskultura batean alegoria gisa azaltzen denak alegia, Euskal Herriko komunikazio gunerik garrantzitsuenen artean jarri zuen herria, Gaztelako Goi Ordokia Gipuzkoako kostaldearekin eta Bizkaiarekin lotzen baitziren bertan. Gaur egun bakar-bakarrik RENFEren lineak segitzen du lanean.

Zumarraga izan zen Migel Lopez de Legazpiren jaioterria. 1897az geroztik bere estatua herriko plazan duen horrek Filipinar Irlak kolonizatu zituen XVI. mendean, eta oraindik ere zutik dago haren jaiotetxea, duela urte batzuk eginiko birmoldaketa lanen ondotik. Legazpi Dorretxea edo Jauregi Handia izenak ematen dizkiogu.

INFORMAZIO-ITURRIA: Zumarraga.net webgunean oinarritutako informazioa.

 
Urretxu-Zumarraga :: Eliz-arkitektura
Zumarragako Andre Maria Jasokundearen Parrokia

Eliza hau hainbat fasetan zehar eraiki zuten, 1576an hasita; izan ere, urte horretan erabaki zuten parrokia ibarrera jaistea, lehenago Beloki mendiko mazeletan baitzegoen. Arkitekturari dagokionean oso eliza aberatsa da, kantoiak harlanduz eta hormatalak harri-hormaz eginak ditu eta. Estiloa euskal gotikoa du, saloiko oinplanoaz eta altuera berdineko hiru nabez; hauen estalgarri, gurutzeria-gangak, eta fuste biribila eta zaldi-obazko kapitel dorikoak dituzten zutabeak euskarri. Ate nagusia barrokoa da, eta elizaren mutur batean kokatuta dago. Bertara heltzeko bidea arkupe eder batek emango digu, erdi-puntuko arkuak dituela berme-gune. Arkupeak ebanjelioaren aurrealdea eta alboa zeharkatzen ditu. Portadaren bertikalean dorrea dago, oin karratu eta erremate barrokokoa bera.


Hasiera  |  -10  |  Aurrekoa  |  (orrialdea 21 / 22) |  Hurrengoa  |  +10 |  Amaiera



Bibliografia

  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa. Aranzadi Elkartea (1991).

  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa - Aurkikuntza Berriak 1990 - 2001 / Nuevos descubrimientos 1990 - 2001. Aranzadi Elkartea.

  • Diccionario Ilustrado de Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran

  • Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran. Editorial Txertoa (1984).

  • Ezagutu Gipuzkoa CD-ROMa. Elhuyar Elkartea (1993).

  • Las Ermitas de Gipuzkoa. Luis Pedro Peña Santiago. Gipuzkoako Foru Aldundia (1995).

  • Montañas del País Vasco (Tomo 2 - La campana de Oro). L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).

  • Leyendas y tradiciones populares del País Vasco. L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).

  • Telleriarte etxez etxe. Joxe Luis Ugarte/Esteban Altzelai/Agustin Beloki. Telleriarteko Auzo Elkartea (1995).

  • Estudio de Historia de Urretxu (en su VI centenario). Mila Alvarez Urcelay/Pedro Gonzalez Argomaniz/Antonio Ayllon Iranzo/Jose María Iztueta Leunda. Urretxuko Udala - Gipuzkoako Foru Aldundia (1986).

  • Legazpin barrena (oinez). Antxon Burcio. Legazpiko Udala (1995).

  • Legazpin barrena (BTT-z). Mikel Oskoz. Legazpiko Udala (1995).

  • Goierri mendiz mendi. Egile batzuk (1997).

  • Urretxu eta Zumarragako toponimia. Joxe Luis Ugarte. Onomasticon Vasconiae (Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea eta Euskaltzaindia, 1999).

  • Legazpi - Burdinezko bihotza - corazón de hierro. Juan Aguirre. Legazpiko Udala, 2006).