Leku interesgarriak

Informazioa

Atal honek aurtengo edizioari dagokion informazioa eguneratu gabe dauka. Egun batzuk barru ibilbidean agertzen diren gune interesgarriei buruzko informazio eguneratua eskura izango duzu...



Mendi-martxaren edizio guztietan zehar ezagutu diren toki interesgarri, monumentu, kondaira eta megalitoen zerrenda.

Ondorengo lerroetan ibilbidean zehar (baita aurreko edizio guztietan ere) Urretxu eta Zumarraga inguruetan -baita gainerako Goierri eskualdeko paraje eta Urola-Kosta eskualdeetako beste zenbait lekuetan- ezagutu ditzakezun toki interesgarri, monumentu eta megalitoen zerrenda duzu. Martxa honetan mendia maite dugu, eta era berean leku horiek guztiek gordetzen dituzten sekretuak (kondairak, gertakari historikoak, ...). Gure mendiak toki biziak direlako. Mendiaz gozatzeaz gain, gure mendiak ere ezagut ditzazun gonbita egiten dizugu.

Leku eta monumentu guztiak (aurtengo edizioa)

Leku eta monumentu guztiak (edizio guztietan)


Gune guztiak (kokapenaren arabera)


Gune guztiak (tipologiaren arabera)




... Mendia ez da bakarrik bakardadea, are gutxiago Euskal Herriko mendia. Gehienetan, geure inguruari arreta pixka batez so eginez, Historia berberarekin topo egiten dugu. Mendiak, ataka desolatuak, basoak, zubiak, bentak, baselizak, bordak, zalbideak, trikuharriak, harrespilak, kondairak, mitoak, erromeriak, artzainak, gudak, pelegrinazioak ... Ez al da gauza askotxo? Ez, bizitza osoa da gure bidera jauzi egiten ari dena, eta guk ezin dugu geldiarazi, bera gu geu garelako ...

—Luis Pedro PEÑA SANTIAGO—

Responsive image

Inguru guztietakoak

Inguru guztietakoak [216 sarrera]

Hasiera  |  -10  |  Aurrekoa  |  (orrialdea 14 / 22) |  Hurrengoa  |  +10 |  Amaiera

 
Gabiri-Legazpi :: Herri-arkitektura
Legazpiko Udaletxea

Testua prestatzen ari gara.

 
Gabiri-Legazpi :: Ipuin eta kondairak
Legazpiko jentilak

Historia topikoz beterik dago. Haranaren eta, geroago, Legazpia edo Legazpi herriaren historiari buruzko azterketak ez dira baieztapen horretatik salbuetsita geratzen.

[...] Horrela, kristautasuna lur hauetara iritsi aurretik, herri-sinismenaren arabera, Legazpi haranaren goialdean "jentilak" (mitoek eta kondairek diotenaren arabera, garai haietan kristauak ez zirenei emandako izena) bizi ziren. Baieztapen hori agirietan dago jasota (batik bat, elizaren inguruko auzietan); agiri horietan "antzinako garaietan" haranean zeuden burdinolak "jentiletxe" edo "jentilula" izenekin zirela ezagunak irakur daiteke. Jentilek burdina ekoizteko sekretua ezagutzen zuten eta burdin hori mendietako goialdeetan ezarritako "haizeoletan" lortzen zuten. Eta, "haizeola" horien aztarnarik aurkitu ez badira ere, oso oinarrizko labeak zirela uste dugu, kono-enbor formakoak, eta bertan lortzen zen burdinaren kantitatea eta kalitatea oso irregularra izango zen. Gaur egun, jatorrizko labe horien aztarnak "zepadiak" dira; zepadi horietan egur-ikatzaren hondarrak aurkitu dira eta, kimikoki analizatu ondoren, hondar horiek gutxi gorabehera 1080. urtera eramaten gaituzte. Zepadi horiek gure gaur egungo udalerriko hainbat tokitan agertu dira: Larrosain, Salibieta, Otañu, Teniola, Basaundi, Biurrain, Aizaleku, Korta,...

Baina Legazpin badugu bere populatzearen antzinako beste aztarna bat: Arrolamendi-Udanan, Oamendin edo Aizkorrin gorde diren "harrespilak" (tumuluak). Horrek, gutxi gorabehera orain dela 4.000 urteko nekazal-kulturaz hitz egiten digu, neolitiko-aroaz, garai haietan hasi baitziren abereak hazten eta landareak landatzen; orduan hasi zen, halaber, kultura megalitikoa, garai haietan metalurgia ezagutu zen eta. Legazpin, tumulu horiek zituzten garrantziaz jabetu zen lehena Saturnino Telleria (1880-1947) izan zen, "mediku zaharra" izenez ezaguna zen legazpiarra. Berak bere kontu hondeatu zituen Arrolamendiko tumuluak.
[...]

Legazpi.net-etik lortutako informazioa.

 
Gabiri-Legazpi :: Eliz-arkitektura
Legazpiko parrokia

Testua prestatzen ari gara.

 
Urretxu-Zumarraga :: Parajeak
Lizarriturri

Iturri emankorra, egoki datorrena Irimorako igoeran. 1936ko ekainaren 28an Club Alpino Txindoki delakoak egin zuen.

2011ko ekainaren 26an Lizarriturrin iturriaren 75. urteurrenean ospatu zen. Hona hemen Gorka Azkaratek egun honetan kantatutako bertsoak. Urretxuko jaietako txistularien kontzertuan berriz abestu ziren (doinua: Txepetxarena).

Agur bero bat Lizarriturri
txoko honetan zaudena,
alaitasunez ospatzen degu
gaur zure urteurrena.
Nork daki zenbat mendigoizale
urte luzetan barrena,
beti bezela horren emankor
ur fresko eta gardena
Irimorako bidean dagon
atsedentoki onena.

Malda gogorrak arnasestuka
maiz gaitu hona ekarri,
baina hemendik inortxo ere
ez da joaten egarri.
Gaurkoan ere, nahiz bero egin
emariz ez dago urri,
aurrerantzean ere honaino
etorriko gera sarri,
orain artean bezela zaindu
gaitzazu Lizarriturri.

-Gorka Azkarate-

 
Urretxu-Zumarraga :: Eliz-arkitektura
Lourdesko Amaren Eliza

Geroago ikastolan bihurtuko zen komentua eta eskola ziren hasierako eraikin-talde batean dago Lourdesko Ama Eliza. XX. mendeko 40. hamarkadaren amaieran, "Zuloeta" edo "Pagoeta" izeneko sakonean eraiki zuten. Aita Pasiotarrena zen jatorrizko komentua eraikita zegoen orubean egina dago, 1935 urtera aldera hain zuzen.

Elizaren estiloa neogotikoa da, eta fatxada nagusia, dorrea izan ezik, landutako manposteriaz eginik daude. Alboetako fatxadetan, horma-bularrak kontuan hartu gabe, manposteria lehen solairuraino iristen da.

ITURRIA: Urretxuko Udala

 
Kizkitza-Ormaiztegi-Murumendi :: Megalitoak eta aztarnategiak
Mandubizelaiko trikuharria

Murumendiko aztarnategiko megalitoa, Kalkolito arokoa. Ezkio-Itsasoko udal barrutian. Trikuharria Mandubizelaia izeneko lekuan, pinudi batean (Monterrey-ko pinua hain zuzen), Mandubiko mendatetik MHM-ra 375 m-tara dagoen zelaigune batean kokaturik dago. Mandubiko gainetik Kizkitzako baselizara doan pistatik Mandubizar baserria pasa eta pista horretan 300 m egin ondoren, 100 metro ezkerretara egin trikuharria ikusteko. Trikuharri motza itxia da. Tumuluak 16 m-ko diametroa eta 1m eta 0,40 m arteko garaiera du. 4 harlauzez osaturiko ganbara du. 4 harlauzek esparru trapezoidal bat eratzen dute. Barneko neurriak: 1,80 m luzera eta 1,10 m eta 0,75 m arteko zabalera. Hondoan beste harlauza bat azaltzen da. 80º E-M zuzendua dago. Ganbarako harlauzak kareharri tupatsuaz eginak daude eta tumulua bertako kareharri tupatsuz eta basaltoz egina dago. Indusketaren ondoren lurzoruaz estalia geratu zen. J. Etxanizek aurkitu zuen 1997an eta J. A. Mujikak induskatu zuen 1998-2000 urteen artean. Aranzadiko Prehistoriako Saileko Gordailuan aurkitzen da bertatik ateratako material. Eusko Jaurlaritzak izendatutako Ondasun Kultural gisa.

 
Gabiri-Legazpi :: Herri-arkitektura
Mantxola baserria (Zerain) eta Francisco de Goya.

Zeraingo herriko plaza batean Goyaren estatua bat dago. Honen zergatia orain ulertuko duzue. Francisco de Goya margolari ospetsuaren aitaren aldeko adarrak Zerainen zuen jatorria. Bere birraitona zeraindarra zen, Domingo de Goya. Mantxola baserrian jaio zen 1578ko maiatzaren 18an. Zerainen zeuden harginetariko bat zen, behinola, Aragoiko lurretara joan zena, Fuentes de Jilocako parrokia egitera.

Domingo Maria Garicano Asensiorekin ezkondu zen Fuentes de Jiloca herrian, Zaragozan 1626. urtean. Francisco de Goyaren aitona notario erreala izan zen eta hiru etxeen jabea izan zen Zaragozan. Aita, Jose urreztatzailea zen eta fama handia izan zuen.

Zeraingo Turismo Bulegoak (http://www.zerain.com) eskainitako informazioa.

 
Kizkitza-Ormaiztegi-Murumendi :: Ipuin eta kondairak
Mari Murukoa

Marirekin erlazionaturiko kondairak Euskal Herri osoan ugariak badira ere, ugariak ere dira Gipuzkoako Goierri inguruan eta aldameneko eskualdetan jendeak gorde izan dituen kondairak. Eta bada Murumendi mendiarekin loturiko Mari-ren kondaira bilduma luzea. Inguruotan Marik zenbait izen jasotzen ditu-eta: Mari-muruko "Mari Murukoa", Marimunduko "Munduko Mari?" eta Muruko-dama izenak hain zuzen. Beraietako batek —Albizturren jasotako kondaira batek— behin batean Mari ikusi zutela dio. Eguzkipean Murumendiko kobaren atarian, bere ahariaren gainean eserita, ilea orrazten ari omen zen. Aurpegia ezkerreko oinarekin garbitzen omen zuen. Zergatik atontzen ari zen era xelebre hartan galdetu zioten. Beraz zera erantzun zuen: "gaur Naparrora nua iittara" (gaur Nafarroara noa igitara). Arratsalde hartan, harriak Nafarroako gari-soro zabalak deuseztatu zituen.

Hala ere, Mari Murukoak badu bere kondaira propioa. Beasain, Ataun, Ordizia, Arano eta beste zenbait errietako ipuinetan diotenez, Beasaingo "Burugoena edo Murugoena" (Muruguene edo Buruguene) baserriko gazte kristau bat Marirekin maitemindu omen eta berarekin ezkondu zen. Mari oso neska ederra omen zen. Zazpi seme-alaba ukan zituen. Mari ez zen elizara joaten eta seme-alabok ez zituen bataiatu, Mari Kristau ez baitzen. Behin batez, senarrak, seme-alabak bataiatzeko helburua hartu zuen. Eta Mari elizara ere eramatearren, gurdiari sokaz kateatu zuen senarrak. Elizarako bidean, Mari sugarrez inguratu, sokak erre, Burugoena baserri ondoko haitzera salto egin —bertan bere oin bateko arrastoa utzi— eta Murumendirantz egin zuen hegan ondorengo hitzak esanez: "ne umeak zerurako, ta ni oaiñ Mururako!!! Muruguena ez da sekulan eri edo maki gabe izango" (nire umeak zerurako, eta ni orain Mururako!!! Murugoena ez da sekulan eri edo maki gabe izango), eta geroztik Murumendin duen haitzulo zaharrean bizi omen da.

Joxe Migel Barandiaran-ek jasotzen duenez, "Azken aldian Usurbe mendiko etxeetan jaso izan den istorioen arabera —Murugoena baserria ere etxeon artean da— eta baita Eusko-Folklore bilduman ere jasotakoen arabera, Mari Murumendin bizi omen da menpean dituen beste zenbait jeinurekin batera. Han gordetzen ditu jasotzen dituen opariak, geroago bere zerbitzari eta lagunei oparitzat ematen diena. Itsasondo herrira Marik harririk edo kaskabitorik bidal ez zezan, bertako bizilagunak herriko apaiza talde-buru zelarik, urtero dama misteriotsuaren kobaren atarian meza egiten omen zuten: hala esaten omen zen Murumendi inguruko herrietan, hau egia den dokumentaziorik ez den arren".

Batzuetan, gauean, abiada bizian hegal eginez, alde batetik bestera zerua zeharkatzen duen suzko igitai bat ikus daiteke. Mari da, etxera itzultzen ari dena.

 
Kizkitza-Ormaiztegi-Murumendi :: Ipuin eta kondairak
Mari, Euskal Mitologiaren Jainkosa

Lurrari lotutako pertsonaia mitologikoetatik, nabarmentzen den pertsonaia Mari da. Eta bera da gainerako jeinuen buru. Euskal Herriko pertsonai mitologikoetatik bera da pertsonai nagusia. Izen askorekin da ezaguna, esaterako Maya, Mari edo Ioana-Gorri... baina ohikoena bizi den lekua edo mendiaren izenarekin osatzen du: Basoko-Mari, Aralarko Damea, Anbotoko Dama edo Anbotoko Sorgina, Mari Labako (Ipazterren jasoa), Mari Kobako (Markinan), Txindokiko Mari (Amezketan), Mari Munduko edo Mari Muruko, Beasain edo Ataunen... hala ere, izen guztietatik, izenik zaharrena Mari dela esan daiteke.

Lurpean bizi da, mendietan kokatzen diren leize eta kobazuloetan. Pertsonai eme delarik, Mari era askotan ager daiteke: gehien azaltzen den eratako bat, oso emakume eder eta galant bezala da; bere kobazuloetan, gizaki-oinak erakutsi beharrean, animalia-oinak erakustea ohikoa da (ahuntz edo hegazti-oinak hain zuzen) edo baita bere figura osoa zoomorfiko ere izatea (zekor edo behor bezala); kanpoan delarik ordea eta zeruan hegal egiten, oro har suz inguraturik ikustea da ohikoena, eta igitai bezala, hodei gorrixka bezala zein haize-bolada bezala agertzen da maiz.

Gainerako jeinuen erregina dela argi dago, eta Maju (herensuge, sugaar —suge ar esanahiarekin— edo sugoi) jeinuarekin harreman berezia du. Biak elkartzen direnean ekaitz handiak sortzen omen dira eta zenbait kasuetan bi alaba edo bestela bi seme (Mikelats eta Atarrabi) dituztela agertzen da.

Bere jarduera ohikoenetako bat, ekaitz handiak sortzea da. Hori dela eta eskaintzaren bat (ahari bat zein bestelako abereren bat, txanponak...) ematen dionak ez du ekaitzon ondorio larririk pairatuko. Era berean, zenbait fabore egin dezan jainkosa deitzea posible da, baita bere kobazuloan bisitatzea ere, baldin eta horretarako zenbait jokabide-arau jarraitzen diren. Bere kondairak jarraituz, Mari gizakien arteko elkartasuna sustatzen ez dutenekin, gezurti, lapur eta harroputzekin gupidagabe dela esan daiteke, zenbait formula desberdinez zigortuz.

 
Oleta-Izazpi :: Eliz-arkitektura
Martirietako Ermita (San Emeterio eta Zeledonio)

Luis Pedro Peña Santiagok, "Las Ermitas de Gipuzkoa" bere liburuan, ondorengo testua aditzera ematen digu:

"Azkoitiko ermita; bere izena Calahorran, IV. mendean eraildako bi martiren izenak (Emeterio eta Zeledonio) daramatza. Kondaira batek zera dio, ermita bera aingeruk eraikitakoa dela, eta garaiko Arrietamendi auzoko zenbait bizilagunek ermita egitearen kontra saiatu zirela: aurka egiteagatik, ondoren aingeruek berek zigortu omen zituzten. Egungo eraikinean aldaketa asko izan direla nabari da. Ene iritziz, basamentuak, ajimez itxurako leiho bat, eta Santa Maria eta San Joanen irudiak, XV. mendekoak, (egun Donostiako San Telmo museoan gorderik direnak), santutegiak dituen testigantza zaharrenak dira. Horri, Trino Uriak emandako aipua gehitzen badiogu, Martirietako Ermita aipatzen duen lehen dokumentua 1495ekoa dela alegia, beldurrik gabe tenpluaren jatorria XV. mendeko hasierako urteetan izan litekeela esan genezake. Tenplu hau "San Medel" gisa ere ezaguna izan da. Bi Santuen irudiak aldare nagusian kokaturik daude. Opagaiak, ofrendak, limosna edo erremusinak, kandelak, dena, gaixotasunengatik urrun osasunez bizitzeko eta uztak eta aziendak babesteko debozio handiko tenplua dela gogorarazten dute. Pareta batetik bi bilur zintzilikaturik daude, bi Santuen babesagatik libre geratu zen presoaren kondaira oroitaraziz. Lope de Isastik, 1625ean, "San Medel de Cendoya" izena duela informatzen digu.".

Kaperaren atearen bestaldean, eskuzko pilotaz jolasteko frontoi bat ikus daiteke.

Trikitilari edo dultzainari bana omen zeukaten Azkoitiko auzo honetako baserriek. Honekin batera, Juan Mari Beltranen "Orhiko xoria" diskoan agertzen den "Azkoitiko Martirietan" kantua ekarriko dugu. "Montte" baserriko Joxe, Joxemari eta Xanti musikariak gogorarazten dizkigu kantuak:

Azkoitiko Martirietan, herri-poza alaietan,
Azkoitiko Martirietan,
Monttetik etorriko da dultzainaren doinuetan.

Joxe eta Joxemari, erromeriz erromeri,
Joxe eta Joxemari,
hauekin hirugarrena da Xanti atabalari.

Dultzainaren hots zorrotza, dantza doinuen ahotsa,
Dultzainaren hots zorrotza,
Hark jar ditzala saltoka, hankak, besoak ta bihotza.

Bertako erromeria, abuztuko azken igandean ospatzen da. Martirieta, "Martitte" herri-izenez ere ezagutzen da.


Hasiera  |  -10  |  Aurrekoa  |  (orrialdea 14 / 22) |  Hurrengoa  |  +10 |  Amaiera



Bibliografia

  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa. Aranzadi Elkartea (1991).

  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa - Aurkikuntza Berriak 1990 - 2001 / Nuevos descubrimientos 1990 - 2001. Aranzadi Elkartea.

  • Diccionario Ilustrado de Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran

  • Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran. Editorial Txertoa (1984).

  • Ezagutu Gipuzkoa CD-ROMa. Elhuyar Elkartea (1993).

  • Las Ermitas de Gipuzkoa. Luis Pedro Peña Santiago. Gipuzkoako Foru Aldundia (1995).

  • Montañas del País Vasco (Tomo 2 - La campana de Oro). L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).

  • Leyendas y tradiciones populares del País Vasco. L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).

  • Telleriarte etxez etxe. Joxe Luis Ugarte/Esteban Altzelai/Agustin Beloki. Telleriarteko Auzo Elkartea (1995).

  • Estudio de Historia de Urretxu (en su VI centenario). Mila Alvarez Urcelay/Pedro Gonzalez Argomaniz/Antonio Ayllon Iranzo/Jose María Iztueta Leunda. Urretxuko Udala - Gipuzkoako Foru Aldundia (1986).

  • Legazpin barrena (oinez). Antxon Burcio. Legazpiko Udala (1995).

  • Legazpin barrena (BTT-z). Mikel Oskoz. Legazpiko Udala (1995).

  • Goierri mendiz mendi. Egile batzuk (1997).

  • Urretxu eta Zumarragako toponimia. Joxe Luis Ugarte. Onomasticon Vasconiae (Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea eta Euskaltzaindia, 1999).

  • Legazpi - Burdinezko bihotza - corazón de hierro. Juan Aguirre. Legazpiko Udala, 2006).