Leku interesgarriak

Informazioa

Atal honek aurtengo edizioari dagokion informazioa eguneratu gabe dauka. Egun batzuk barru ibilbidean agertzen diren gune interesgarriei buruzko informazio eguneratua eskura izango duzu...



Mendi-martxaren edizio guztietan zehar ezagutu diren toki interesgarri, monumentu, kondaira eta megalitoen zerrenda.

Ondorengo lerroetan ibilbidean zehar (baita aurreko edizio guztietan ere) Urretxu eta Zumarraga inguruetan -baita gainerako Goierri eskualdeko paraje eta Urola-Kosta eskualdeetako beste zenbait lekuetan- ezagutu ditzakezun toki interesgarri, monumentu eta megalitoen zerrenda duzu. Martxa honetan mendia maite dugu, eta era berean leku horiek guztiek gordetzen dituzten sekretuak (kondairak, gertakari historikoak, ...). Gure mendiak toki biziak direlako. Mendiaz gozatzeaz gain, gure mendiak ere ezagut ditzazun gonbita egiten dizugu.

Leku eta monumentu guztiak (aurtengo edizioa)

Leku eta monumentu guztiak (edizio guztietan)


Gune guztiak (kokapenaren arabera)


Gune guztiak (tipologiaren arabera)




... Mendia ez da bakarrik bakardadea, are gutxiago Euskal Herriko mendia. Gehienetan, geure inguruari arreta pixka batez so eginez, Historia berberarekin topo egiten dugu. Mendiak, ataka desolatuak, basoak, zubiak, bentak, baselizak, bordak, zalbideak, trikuharriak, harrespilak, kondairak, mitoak, erromeriak, artzainak, gudak, pelegrinazioak ... Ez al da gauza askotxo? Ez, bizitza osoa da gure bidera jauzi egiten ari dena, eta guk ezin dugu geldiarazi, bera gu geu garelako ...

—Luis Pedro PEÑA SANTIAGO—

Responsive image

Inguru guztietakoak

Inguru guztietakoak [216 sarrera]

Hasiera  |  -10  |  Aurrekoa  |  (orrialdea 12 / 22) |  Hurrengoa  |  +10  |  Amaiera

 
Oleta-Izazpi :: Monumentuak
Izazpiko gurutze zaharra

Izazpiko gurutze zaharra.

 
Oleta-Izazpi :: Monumentuak
Izazpiko gurutzea

Izazpi tontorrean (973 m) 1948an eraikitako porlanezko gurutzea dago. Goierri eskualdeko eta Urola bailarako ikuspegi ezin hobea. 1998ko ekainaren 28an, Izazpi gurutzeko L. urteurreneko festa egin genuen.

 
Gabiri-Legazpi :: Megalitoak eta aztarnategiak
Jentiletxe

Legazpi-Oñati udalen udalerrien mugan dago. Historiaurreko aztarnategiei "jentiletxe" esaten zaie Legazpin. Tumulua, 22 m diametrokoa eta 1,30 m altuerakoa. Gaur egun, erdian krater handi bat du, 14 m diametrokoa eta 1 m sakonerakoa. Bertako hareharriak. J. Elosegik aurkitu zuen 1951n eta 1964an eta Altuna, J. M. Apellaniz eta P. Rodriguez Ondarrak industutako tumulua da. Aipatu indusketa honetan ez zen materialik azaldu; hala ere ezagutzen den aurretik gertatutako lapur-indusketa batean zenbait giza aztarna atera zen.

Informazio gehiago hemen:

  • ALTUNA, J.; APELLANIZ, J. M.; RODRÍGUEZ de ONDARRA, P. 1964. Excavación de la estación de "túmulos" de Satui-Arrolamendi. Legazpia (Guipúzcoa). Munibe 16, 60-71. Sociedad de Ciencias Aranzadi. San Sebastián.
 
Oleta-Izazpi :: Monumentuak
Joxe Mari Etxanizen omenezko monolitoa

Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkarteko sortzailea, Zumarragako Udaleko Euskara Teknikaria, 1999ko urriaren 13an zendu zen. Euskararen aldeko lan handia egin zuen kidea... bere omenez Zumarragako baserritarek Pagotxoeta gaineko muinoan monolitoa jarri zuten.

Baserritarra, euskaltzalea
hitz eta ekintzen uztarri
seme zintzoa, senar jatorra
eta aita maitagarri.

Zure izaera ispilu eta
zure ekintzak oinarri
etorkizuna eraiki daigun
lagun eginaz elkarri
zure itzala izango dugu
babes eta bizigarri.

—Iñaki Murua—

 
Agerreburu-Aizpurutxo :: Bestelakoak
Julen Lekuona

Julen Lekuona (Oiartzun, 1938ko ekainaren 18a - 2003ko uztailaren 19a) euskal idazle eta abeslaria, eta musikagilea izan zen. Apaiza zelarik Ez Dok Amairuko partaidea izan zen, garai hartan munduko leku askotan zeuden apaiz langile, ezkertiar eta protestazale horietakoa baitzen. Gitarra eskuetan harturik kantu zirraragarriak konposatu zituen: Ez, ez dut nahi, Ilargira noa edota Itsasoan urak handi dire, esate baterako.

Idazlea ere bazen, eta itzulpena eta antzerkia landu zituen. Besteak beste, Tennessee Williamsen Kristalezko Zooa liburua itzuli zuen. Ez Dok Amairu desegin zenean, Lekuona ere kantagintzatik urrundu zen. Bertso zaharrak bilduman hartu zuen parte, Xabier Leterekin eta Antton Valverderekin batera. Hil ondoren omenaldi disko bat egin zioten hainbat kantarik eta taldek.

Biografia

Donostiako seminarioan ikasi zuen, Oiartzungo Lartaun taldean txistua jo, eta Oiartzungo herri aldizkarian, Zeruko Argia astekarian eta El Diario Vasco egunkarian idatzi zuen, beti euskaraz. Antzerkizale ezaguna zen, baina antzeztu beharrean zuzentzen zuen, obrak itzultzearekin batera. Besteak beste, Kristalezko zooa (Tennessee Williams) eta Erizaina etxea (Prestley) euskaratu zituen Jarrai taldearentzat.

Txikitatik bertso zahar eta kanturako tradizioa jaso zuen etxean, amonaren bidez, baina kantuan Oiartzungo Schola Cantorum haur abesbatzan hasi zen, iganderoko mezan. Seminarioan solfeoa ikasi zuen, eta bertan sortu zituen bere kantu ezagunetako batzuk. Seminarioko urteak amaitu eta apaiz egin orduko Aizpurutxo auzora bidali zuten, Zumarraga eta Azkoitia artean.

Julen Lekuonaren lehen kantuak protesta eta salaketakoak ziren, Euskal Herriaren egoerari lotutakoak. 1963an Zeruetako gure osaba kantua aurkeztu zuen, falangistek fusilatutako osaba Martinen omenez egina. Urte gutxi batzuk geroago Zeruko Argian idatziko zuenez, "iñolaz ere ezin giñezke orain uso txuriaren historia tristea kantatzen asi, ori baño tristeagoak ba daudelako. Uso txuria gure euskal errietako tximenietako keak aspaldi beztu zuen. Ezin giñezke beraz erromantizismo batean bizi. Ezin giñezke gauza politak bakarrik kantatzen ibilli. Erriak gizarte batean bizitzera esnatu bear du".

1963an bertan eman zuen jendaurreko lehen saioa, Donostiako Antigua auzoko parrokian. Ondorengo bi urteetan, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa eta abarrekin ibili zen han-hemenka kantari, eta segidan Ez Dok Amairu taldean sartu zen. 1966ko urtarrilaren 9an Hernanin eta 23an Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako lehen emanaldietan abestu zuen, baita martxoaren 6an Irungo Bellas Artes antzokian egin zen Ez Dok Amairuren aurkezpenean ere, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Jose Antonio Villar, Biurriak eta Oleskariak zortzikotearekin. Garai hartan ehunka emanaldi egin zituen Lekuonak, gehienetan taldearekin eta inoiz bakarka. Halaber, euskarazko kantagintza modernoa sustatu nahian, atzerriko kantu ezagun ugari euskaratu zituen, Juan Mari Lekuona anaiarekin batera, eta orduko kantari gazteen artean banatu. Lekuonak euskaratutako kantuak grabatu zituztenetako bat Jose Antonio Villar da.

Caracasen (Venezuela), Discos Gudari zigiluarekin argitaratu zizkioten lehen bi disko txikiak, Egia n. 1 eta Egia n. 2, Julen Lekuonak berak ezer jakin gabe, ezta grabatu zituenik ere. Horrek haserrea piztu zion. 1965ean gertatu zen hori. Bertan daude bere kantu ezagunenetako batzuk: "Eliza pobrea" -Ez Dok Amairuk 1966ko urtarrilean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian emandako jaialdian abestu zuenean, kalapita handia sortu zuen kantu horrek-, "Herri bat hiltzen", "Iltzaile bat bezala"... Azken kantu hori Madrilen (Espainia) epaituriko Alberto Gabikagogeaskoa apaizaren auzia salatzeko idatzi zuen.

Hurrengo urtean lehen disko ofiziala grabatu zuen Bilbon, Cinsa diskoetxearekin. Poliziak ale guztiak bahitu zituen, "Iltzaile bat bezala" kantuan "tiroak gogoan" esaten zuelako. Auzia ez zen hor amaitu. Hilabete batzuk geroago, Azkoitiko epailearen aurrean deklaratu behar izan zuen kantu horren harira. Zigor gisa, gitarra kendu egin zion Guardia Zibilak, eta ez zuen berreskuratu Franco hil arte, hamar urte geroago. Bigarren disko txikia 1968an grabatu zuen, Bartzelonan, hango zenbait musikariz lagunduta. Jose Mari Altuna musikari azpeitiarrak egin zizkion harmonizazioak.

1972an apaiz izateari utzi zion, eta Ez Dok Amairu desegin ondoren bakarka jarraitu zuen kantuan, baina laster Xabier Lete eta Antton Valverderekin elkartu eta bertso zahar eta berriz osaturiko emanaldiak eskaintzen hasi zen. 1974an Donostiako Antzoki Zaharrean eman zuen lehen jaialdia hirukoteak, eta Bertso zaharrak disko arrakastatsua (Herri Gogoa, 1974) kaleratu zuen. Urte hartan, Kontxita Rekalderekin ezkondu zen. Azpeitian jarri ziren bizitzen; bi seme-alaba izan zituzten, eta ondoren Irunera aldatu ziren, aurrezki kutxa batean lana aurkitu zuelako Lekuonak.

Kantaldiak emateari utzi zion, baina ez guztiz eta erabat. Badok hamalau izeneko emanaldia egin zuen Ondarroan 1998an, Ganbelu zaharra Oiartzunen 1999an, Mixel Labegerieren omenezko ekitaldian parte hartu zuen 2000n Kanbon, eta Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean aritu zen 2002an. Disko bat grabatu nahi zuela esana zien gertukoei, baina ezin izan zuen asmoa gauzatu. 2003ko uztailaren 19an hil zen, zangoetako tronbosiak jota, Donostiako Poliklinikan zegoela.

Hautsi ez dedin katea liburuxkan (Egan, 1999) bilduta dago Lekuonak utzitako kantutegi oparoa. Halaber, hil ondoren omenaldi hainbat jaso zuen. Aizpurutxo auzoak egun osoko omenaldia egin zion 2003ko abuztuaren 31n, eta Oiartzunen kantaldi bat antolatu zuten 2004ko azaroaren 13an Elorsoro kiroldegian, Xabier Lete, Antton Valverde, Jabier Muguruza, Alaitz Telletxea eta Mikel Errazkinekin. Artista horiek eta beste batzuek hartu zuten parte Itsasoan urak handi dire diskoan (Hirusta, 2004), Julen Lekuonaren omenez.

Diskografia

  • Bertso zaharrak. (1974) Xabier Leterekin eta Antton Valverderekin.
  • Itsasoan urak handi dire (omenaldia). (2004).

ITURRIA: Wikipedia.

Eta hemen informazio gehiago: Bidegileak - Julen Lekuona.

 
Irimo-Antzuola :: Eliz-arkitektura
Kalbarioa (Antzuola)

XVIII. mendekoak, barrokoak, beraz. Pasioaren ikurrez osaturik eta behe-erliebez horniturik dagoen erdiko gurutzea dugu interesgarriena. Ohiturak dioskunez, Antiguako baselizako serora edo beatarekin, gurutze honi hiru buelta emanez, eta bakoitzean oilarrari mun emanez, joaten omen ziren etxekoandre asko euren umeekin oinez ikas zezaten. Gurutze hauek Antiguako ermitaren parean daude, errepidearen beste aldean. Kalbarioko beste hiru gurutze ere ikus daitezke Kalegoiko hormetan.

 
Oleta-Izazpi :: Ipuin eta kondairak
Karlistek liberalei Oleta aldean eginiko segada eta urrea zeramaten mandoen ihesaren kondaira

Bada Aizpurutxo eta Zumarragako Agiñaga auzoetan gordetzen den kondaira zahar bat, gerra karlistetako batean Oleta lepoaren inguruetan gertatu omen zenekoa. Garai haietan, liberalen konpainia bat bertatik pasatzen ari omen zen mandoz garraiatutako urrezko kargamendu batekin. Eta ezkutaturik, karlistak bertan itxaroten ari ziren, zelatan, liberalen zain. Liberalen konpainia bertara iritsitakoan, karlistek segada gogor batean sartu eta liberalei erasotzen hasi zitzaiela dio kondairak.

Tiroketaren erdian, bizirik eta libre geratu ziren mandoek ihes egin eta urrea gainean eramanda, inguruko baserrietan amaitu omen zuten ibilbidea. Egun, inguruko esamesek zenbait baserrik urrea eskuratu zutela diote, izan ere, urte batzuk geroago, azaldu ezinezko gorakada ekonomikoa erakutsi zuten.

Karlistek liberalei egindako segadaren kondairak badu jarraipena, Aizpurutxon jasotako kontakizun honen arabera:

Urteak pasa ziren eta, Urdanbitta (Urdanbideta) baserriko hiru mutilzaharrek urrea aurkitu omen zuten etxean. Bitartean, baserriko ama hilzorian zuten etxean eta apaiza azken aitortza egitera joan zitzaion orduan. Baserriko amak apaizari aitortzan kontatu zion urrea iraganean etxean aurkitu izana. Apaizak dirua bueltatzea eskatu zion, eta baserriko amak, hilzorian ezetz eta ezetz erantzun zion dirua ezin utzirik...

Kondaira honekin batera, gero, ez da batere harritzekoa 1979-1980 urteen inguruan Oleta inguruan kokatzen den Iruarrieta trikuharriari gertatu zitzaiona, herritar batek hondeamakina batez monumentua nahastu eta irauli baitzuen, bertan gordetako ustezko altxorren baten bila-edo. Egun ez dakigu halako barrabaskeria egin zuenak kondaira honexegatik egin izan ote zuen -diruaren zatiren bat trikuharrian gorderik izango zela uste izango zuen-, edo eta, euskal kondaira zaharretan hain sustraiturik dagoen megalitoetan gordetako urrezko kanpaiaren kontuagatik egin zuela ere.

Hala ere, behin-betiko ikas dezagun. Kondairak gorde ditzagun, baita gure ondarea ere. Gure arbasoen iragana eta utzitako ondarea gurekin loturik daude-eta.

 
Gabiri-Legazpi :: Parajeak
Kataberako Meategiak

Jarondoko (925 m) saroiaren gainean, eta Biozkornako (1.208 m) lepoaren inguruko alderdi maldatsuetan, bertako meatze-ustiapen zaharra Kataberako (1.055 m) meategien indusketa dago, eta bertan, hainbat zepadi, egindako laginak eta kargalekuen hondarrak ikus daitezke.

Meategien ustiapena Real Compañía Asturiana de Minas izeneko konpainiaren eskutik etorri zen, eta 1924tik 1930era bitartean, mende oso batean zehar hain zuzen, meategitik gehien bat burdina atera zuten. Garbitu ondoren, burdina, oraindik ikus daitezkeen Udanako labe handietaraino kablez garraiatzen ziren, bertan erretzearren. Udanan bertan meategiaren konplexuarekin loturik dauden infraegitura garrantzitsuak ikus daitezke. Labeen ondoan, ustiapenaren nagusia eta langileburua bizi ziren, eta etxeok oraindik zutik diraute.

Burdinaren ustiapenak ilundutako beste iharduera batzuk ere egikaritu ziren bertan XIX eta XX mendeetan zehar: berunaren eta zinkaren ustiapenek ere bere tokia izan zuten, eta Udana gainean landuak izan ziren. Esaterako, Legazpin, Olazarreko olak Kataberatik ateratako zinka galdatu zuen.

Katabera eta Biozkornarako bidea erdi aroan erabiltzen zen bide zaharra erabiltzen da, hemendik pasatzen baitzen Gasteiz aldera joateko San Adriango pasabide zaharra saihestearren.

 
Gabiri-Legazpi :: Parajeak
Kataberako karst-ingurua

Lapiaz erako inguru garrantzitsua, Katabera izenarekin ezaguna dena. Kataberako karst-gunea Aizkorri Mendiaren mendebaldea malkartzen duen zonalde harritsu handia da. Bertan diren tontor batzuk 1.350 metrotik gora kokatzen dira. Harri-zerrenda honen paraleloan, bada E-M norabidean kokatzen den beste lur-zerrenda bat, Mendiaren inguru honetara hurbiltzeko lanak errazten dituena, gailurreria baino jende gutxiago bisitatua, izan ere gailurrerian kokatzen dira Gipuzkoako tontorrik garaienak.

Urbiako zelai lasaiekin alderatuz, oso inguru malkartsua dugu. Kataberako kararri urgoniarren gainean, geruzak nabariki altxatuak izan dira, dolinaz edo sakonunez hornitutako mundu kaotiko honetaz inguratutako pinakulu erpin hau altxatuz. Bertan kararria oparo lapiazturik agertzen da. Bestalde, Biozkorna (1.208 m) lepoaren ingurune hurbilenetan, zepadi eta indusketa batzuen aztarnak azaltzen dira, Mendiaren ipar isuraldean kokatzen diren Katabera meategietako lagin eta kargalekuekin batera. Meategiok, XX. Mendeko hasierara arte ustiatuak izan ziren.

 
Agerreburu-Aizpurutxo :: Megalitoak eta aztarnategiak
Keixeta

Elosua-Plazentzia megalitotegia. Keixetako lepoan, Irukurutzetaren hegoaldeko hegalaren barrenean, Bergarako mugatik gertu. Keixetako Egiya N tumulua 350 m. HHErantz dago. Irukurutzeta trikuharria 650 m. IIMrantz dago. 1920an J. M. Barandiaranek aurkitutako hileta-monumentua. Berak eta T. De Aranzadik eta E. Egurenek industu zuten hurrengo urtean. Trikuharria? Tumulua 17 m. diametrokoa eta 0,30 m. altuerakoa. Erdiko kraterra 2,20 m. diametrokoa eta 0,50 m-ko sakonerakoa. Zulogune honetatik 1,60 m. Hegoalderantz harlosa etzan bat, 1,40x0,90x0,25 m-koa, dago (jatorriz trikuharri-ganbara batena?). Indusketan zehar, erdian, bertako zoruan zulatutako hobi bat azaldu zen. Bertako basaltoak.


Hasiera  |  -10  |  Aurrekoa  |  (orrialdea 12 / 22) |  Hurrengoa  |  +10  |  Amaiera



Bibliografia

  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa. Aranzadi Elkartea (1991).

  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa - Aurkikuntza Berriak 1990 - 2001 / Nuevos descubrimientos 1990 - 2001. Aranzadi Elkartea.

  • Diccionario Ilustrado de Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran

  • Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran. Editorial Txertoa (1984).

  • Ezagutu Gipuzkoa CD-ROMa. Elhuyar Elkartea (1993).

  • Las Ermitas de Gipuzkoa. Luis Pedro Peña Santiago. Gipuzkoako Foru Aldundia (1995).

  • Montañas del País Vasco (Tomo 2 - La campana de Oro). L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).

  • Leyendas y tradiciones populares del País Vasco. L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).

  • Telleriarte etxez etxe. Joxe Luis Ugarte/Esteban Altzelai/Agustin Beloki. Telleriarteko Auzo Elkartea (1995).

  • Estudio de Historia de Urretxu (en su VI centenario). Mila Alvarez Urcelay/Pedro Gonzalez Argomaniz/Antonio Ayllon Iranzo/Jose María Iztueta Leunda. Urretxuko Udala - Gipuzkoako Foru Aldundia (1986).

  • Legazpin barrena (oinez). Antxon Burcio. Legazpiko Udala (1995).

  • Legazpin barrena (BTT-z). Mikel Oskoz. Legazpiko Udala (1995).

  • Goierri mendiz mendi. Egile batzuk (1997).

  • Urretxu eta Zumarragako toponimia. Joxe Luis Ugarte. Onomasticon Vasconiae (Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea eta Euskaltzaindia, 1999).

  • Legazpi - Burdinezko bihotza - corazón de hierro. Juan Aguirre. Legazpiko Udala, 2006).