Leku interesgarriak

Informazioa

Atal honek aurtengo edizioari dagokion informazioa eguneratu gabe dauka. Egun batzuk barru ibilbidean agertzen diren gune interesgarriei buruzko informazio eguneratua eskura izango duzu...



Mendi-martxaren edizio guztietan zehar ezagutu diren toki interesgarri, monumentu, kondaira eta megalitoen zerrenda.

Ondorengo lerroetan ibilbidean zehar (baita aurreko edizio guztietan ere) Urretxu eta Zumarraga inguruetan -baita gainerako Goierri eskualdeko paraje eta Urola-Kosta eskualdeetako beste zenbait lekuetan- ezagutu ditzakezun toki interesgarri, monumentu eta megalitoen zerrenda duzu. Martxa honetan mendia maite dugu, eta era berean leku horiek guztiek gordetzen dituzten sekretuak (kondairak, gertakari historikoak, ...). Gure mendiak toki biziak direlako. Mendiaz gozatzeaz gain, gure mendiak ere ezagut ditzazun gonbita egiten dizugu.

Leku eta monumentu guztiak (aurtengo edizioa)

Leku eta monumentu guztiak (edizio guztietan)


Gune guztiak (kokapenaren arabera)


Gune guztiak (tipologiaren arabera)




... Mendia ez da bakarrik bakardadea, are gutxiago Euskal Herriko mendia. Gehienetan, geure inguruari arreta pixka batez so eginez, Historia berberarekin topo egiten dugu. Mendiak, ataka desolatuak, basoak, zubiak, bentak, baselizak, bordak, zalbideak, trikuharriak, harrespilak, kondairak, mitoak, erromeriak, artzainak, gudak, pelegrinazioak ... Ez al da gauza askotxo? Ez, bizitza osoa da gure bidera jauzi egiten ari dena, eta guk ezin dugu geldiarazi, bera gu geu garelako ...

—Luis Pedro PEÑA SANTIAGO—

Responsive image

Inguru guztietakoak

Inguru guztietakoak [216 sarrera]

Hasiera  |  -10  |  Aurrekoa  |  (orrialdea 11 / 22) |  Hurrengoa  |  +10  |  Amaiera

 
Kizkitza-Ormaiztegi-Murumendi :: Eliz-arkitektura
Itsasoko eliza (San Bartolome eliza)

Itsason aipatzekoa da San Bartolome eliza eta 1730. urtekoa den bere kanpandorreko erlojua, Gipuzkoako zaharrenetarikoa. Nahiz eta XVI. mendekoa izan, elizaren portada erromanikoa zaharragoa da. Puntu erdiko arkeriaz estalitako abside poligonaleko hiru nabekoa da. XVI. mendearen azken hereneko erretaula handia du. Bitxikeri gisa, esan beharra dago, horma batean, garai ezezaguneko izar bat dagoela grabatua. Eliza hau, arbolaz inguratutako paisai izugarri batean kokaturik dago eta bertatik, zuhaitz artean ageri da Gabiri, bertako bista ederrak ikuskatuz.

 
Kizkitza-Ormaiztegi-Murumendi :: Monumentuak
Itsasoko garbitegia

Itsasoko garbitegia. Itsasoko interesguneetako bat, herri hasieran kokaturiko garbitegi zaharra da. Lehenago baserrietan ez zeukaten ur korronterik. Hau arazo larria zen, bai osasun aldetik, eta baita ere hornidura aldetik, nahiz pertsonala, nahiz ganaduarena. Garbitasun pertsonala, horretarako prestatutako azpilen bitartez egingo zuten. Ganadua berriz inguruetako errekatxoetara eramango zuten. Normalean garbitegi hauek ur garbia zeukaten erreka edo iturburuetan kokatuko zituzten. Hormarik gabeko eraikuntza sinpleak ziren, non beraien barrutik ura pasako baitzen. Alboetara, harri lau eta errektangularrak kokatuko zituzten. Hain zuzen ere harri hauen gainean arropa jarri eta igurtziko zuten. Xaboia animalien gantzuarekin eta sosarekin egiten zuten. Arropa zuria zuritzeko, errautsa erabiliko zuten. Garbitegi hauek gainera, emakumeak bildu eta hitz egiteko tokia izaten ziren, nahiz eta horretarako aitzakia, arropa garbitzeko lan gogorra izan.

 
Gabiri-Legazpi :: Parajeak
Itsumendi edo Gorostiaga gaina

Gurutzea, aterbea eta ermita (949 m). Mende honen hasieran, auzotarrek auzolanean eraiki zuten gurutze honen neurri eta egitura aipagarriak dira. Gurutze honekin, Leon XIII.ak mundu katolikoko mendi nagusiak gurutze batez koroatzeko zuen nahia bete zuten.

1950. urtera aldera berreraiki zutenean, goialdea altzairu erdoilezinez estali, eta oinean urte hartako auzokideen izenarekin batera Mirandaolako gurutzearen zati bat jarri zuten.

Gaur egun, irailaren 14ko ondorengo igandean meza egin eta hau amaitu ondoren erromeria ospatzen da. Deba Garaiko bista ederrak ditu.

Korosti edo Korostiaga izenez ere ezaguna da.

 
Urretxu-Zumarraga :: Parajeak
Iturraundiko ubideak

1897ko otsailaren 10ean Gipuzkoako Gobernu Zibilak Urretxuko Udalari baimena eman zion Iturraundiko iturburutik ura bidera zezan herritarren ur-hornidurarako, suteak itzaltzeko, kaleak ureztatzeko, herriko garbilekuetan erabiltzeko eta herri mailako beste zenbait zerbitzuetarako.

Hala, iturburuan bertan arketa bat egin zen hango ura galtzada ondoan dagoen Irigon baserriaren inguruan den ur-biltegian pila zedin. Handik herrira zabalduko zen ur hori.

 
Irimo-Antzuola :: Monumentuak
Iturria (Antzuolako plazaren inguruetan)

Plaza gainean, XVIII. mendeko iturri ederra dago; badirudi Martin de Carrerak egindakoa dela.

 
Agerreburu-Aizpurutxo :: Parajeak
Itxumendi

Mendiak.net webgunean, Javi Urrutiak halako deskribapena dakarkigu:

Irukurutzeta mazizoko ekialdeko aldean kokatzen den gaina dugu. Gaina Elosuko mendatearen ondoan kokaturik dago (664 m), Kantina duen lepoaren ondoan hain zuzen, eta telebista errepikagailu batez koroaturik dago. Haren ipar isurialdean, gainaldetik ez urruti, Iturriberri (681 m) izeneko piknik-gune edo askaldegi bat dago, eta metro batzuk aurrerago Askaburu (700 m) izeneko beste bat hain zuzen.

Gain apala bada ere, oso panoramika ederra eskaintzen duen mendia dugu -gainak Askitxumendi izena ere badu. Antena luze bat izateaz gain, euri-neurgailu bat, erpin geodesiko bat eta mendizaleok erabiltzen ditugun txartel-ontzi batez koroaturik dago.

 
Urretxu-Zumarraga :: Monumentuak
Itziar

Jorge Oteizaren eskultura, poliedroz osatua; lau metro garai eta bost metro luze ditu, sei tonako pisuaz, eta hiru milimetro lodiko xaflaz eginda dago.

Eskultorearen emaztearen izena du, Itziar Carreño baitzen, eta 1959ko proiektu baten arabera eraikita dago. Oteizak berak esan zuen bezala, eskulturaren alde eta hutsuneek sortarazten duten argi-itzalen jokoa nabarmentzen da, tontor eta sakonuneetan Gipuzkoako paisajea adierazten baitigu, herri, haran eta ibaiez.

Handia den arren, arintasun eta lebitazio sentsazioa ematen du.

 
Oleta-Izazpi :: Bestelakoak
Izazpi ala Izazpe?

Zorte handia dugu Urretxu-Zumarragan inguruan ditugun paraje, mendiak eta tontorrak izateaz, bai horixe! Horren ondorio garbia Beitia-Martxak urtero-urtero ibilbide berriak aldatzeko aukera izana da. Urretxuko mendia, zalantzarik gabe Irimo dugu, eta denok ezagutzen ditugun Zazpi Puntak paraje ezin ederrago dira. Zumarragari dagokionez, tontor edo gain aukera zabalagoa dago, Zumakortaburu, Samino, Izazpi, Beloki eta Argixao tontor aldea Zumarragako udal-barrutiaren barruan parte batean edo osorik dituzten gainak direlarik. Dena dela, zalantzarik gabe, hauetatik guztietatik (gaina eta gurutzea Zumarragako udal barrutian ez baditu ere) Zumarragako mendia Izazpi dela esan dezakegu. Izazpi du honek izena… edo Izazpe beharko luke?

Irakurleak ez du agian jakingo, baina kontua da orain dela gutxi arte Euskaltzaindiak gure mendiari eman dion izen ofiziala, Euskal Herriko mendi nagusiei ematen diena, IZAZPE izan dela, Urretxu-Zumarraga eta Ezkio-Itsasoko biztanleontzako ezagun eta erabilia zaigun IZAZPI izan beharrean.

Baina zergatik Izazpe? Ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik, Izazpi mendiak nolabait izen ofiziala "Izazpe" izena jaso izana Euskal Mendi Federazioak 1990ean argitaratutako Mendi Katalogoaren edizioan koka dezakegu. Geroztik aurrera, mendia Izazpe izenarekin mendi ezaguna bihurtu da, eta zalantzarik gabe, azkeneko bost-hamar urteotan Irternet-ek zabaldu du han-hemenka Izazpe bariante berri hau Euskal Herrian zehar.

Aurtengo maiatzaren erdialdean, Ostadar Mendi Taldeko eta Zintzo-Mintzo taldeko kide batzuk mendiaren izenaz kezkaturik kontu hau aztertzea erabaki genuen… nola ote zen posible Azpeitiko herriko mapan (2007ko apirileko argitalpenean), IZAZPI azaldu izana, eta beheraxeago txikiz "Izazpeko gurutze zaharra" jartzea, Ezkio-Itsasoko mapan (2000ko azaroan argitaratutakoan) IZAZPI agertzen bazen?

Hori dela eta Jose Luis Ugarterengana jo genuen, berak osatu baitzuen 1998an Zintzo-Mintzok eskatutako Urretxu-Zumarragako toponimia lan-ikerketa mardula, Euskaltzaindiak "Onomasticon Vasconiae" bildumako 18. zenbakia jasoko zuena. "Urretxu eta Zumarragako toponimia" lan honetan, 334. orrialdean Izazpiri dagokionez, hauxe idatzi zuen Jose Luisek:

—1833. urteko beste agiri batean horrela azaltzen da: "/Argomal de Ysaspi, en el parage llamado Narrucoi/"

—1889. urteko beste agiri batean: "/Monte llamado Yzazpi/"

—1998. urtean Leturiondoko Bautista Alberdik //isáspí// ahoskatzen du.

Toponimia lanean aipatutako idatzizko daturik zaharrena 1833koa bazen, Jose Luisek toponimia-lana argitaratu eta gero, 1529. urteko "Amojonamiento de los términos de Velerayn entre Azpeitia e Çumarraga" izeneko dokumentuan honako esaldiak topatu zituen:

—(1529): "/el dho çerro llamado Yçaspi/"; "/en el termino llamado Yçaspi ydoya/"... (euskara zaharrean idoia-k baltsa edo putzua esan nahi du, eta zalantzarik gabe bi gurutzeen artean diren putzuen aipamena egiten du).

Datuokin, Euskaltzaindiko Patxi Galérekin jarri ginen harremanetan, Euskaltzaindiak mendiaren izena berraztertu zezan eskatuz, gure iritziz arrazoi nabariegiak eta argiegiak zirelako mendiari Izazpi izena emateko (azken 500 urtetan gure isurialdean mendiari beti-beti "Izazpi" izena (z-s grafien gorabehera) eman zaiolako).

2008ko apirilaren 10ean Euskaltzaindiaren Onomastika batzordearen bilera izan zen Altsasun eta, gai-zerrendan agertzen ez bazen ere, Izazpi edo Izazpe kontu hau aztertu zuten. Aztertu eta ebazpen berria eman ere bai. Egun horretatik aurrera Izazpi mendiari dagokion izen ofiziala IZAZPI da. Jose Luis Ugartek aurkeztutako proposamen batzuk ere aztertu ziren, eta bostetik bi ontzat eman zituzten: Aizelekua-ren partez AIZALEKU onartu zuten, baita Juanastegi-ren partez JOANAZTEGI kalearen izena onartu. Zumarragako Aginaga auzoari izena Aginaga-ren partez AGIÑAGA ordea jartzea ez zuten onartu (kasu honetan Jose Luisek Urretxu-Zumarragako toponimia liburuan argitaratu zuen proposamena aurkeztu zuen).

Euskaltzaindiak webguneko sarrera ekain aldera eguneratuko zuela esan bazuen ere, uztail aldera egin zuen, tartean, Urretxuko mapa berria argitaratu eta Izazpi gainari dagokion lurralde tartetxoa Izazpe izenarekin agertu dela. Dagoeneko informazioa Euskaltzaindiko webgunean eguneratuta badago ere (http://www.euskaltzaindia.net/eoda/), etorkizunean eguneraketa bestelako iturrietan, esate baterako Euskal Mendi Federazioko Mendien Katalogo berrian, gauzatu dadin nahi genuke, izen zaharrak dagokion tokia berrartu dezan.

Lerro hauen bitartez Jose Luis Ugarteri gure eskerrik beroenak berreman nahi dizkiogu, berari esker zuzendu baita mendiak jaso behar zuen izena.

Eta hemendik aurrera lan handia geratzen zaigu Izazpik prentsa-agiri eta Internet dokumentu askotan agertzen den bezala, Izazpe albo batera utzi eta bere izena, Izazpi berreskura dezan... Denbora kontua da, prozesua martxan dago-eta.

Josu Aztiria eta Jon Mikel Intsausti
Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea eta Ostadar Mendi Taldearen izenean

2008ko irailaren 18an.

 
Oleta-Izazpi :: Ipuin eta kondairak
Izazpi eta Izarraitz mendien arteko elkarrizketa

Bada kondairatxo bat, Izazpi (kontuz!, bere izena ez da ez Izaspe, edo Izazpe, idazlan askotan agertzen den bezala) eta Azpeitia eta Azkoitia gaineko Izarraitz mendien izenen jatorria zein den azaltzen duena.

Dirudienez, bi mendiok haserre zeuden eta, halako batean Izazpik Izarraitzi galdetu omen zion:

- Eta hi, zer haiz? - Izarraitz izena (Hi-zer-haiz)-tik sortuko litzateke.

Izarraitzek halaxe ihardetsi zion:

- Hi, zazpi! (Hi zazpi aldiz) - Izazpi izena, ordea, (Hi-zazpi)-tik sortuko litzateke.

 
Oleta-Izazpi :: Parajeak
Izazpi idoia - gainaldeko putzuak

Hasiera  |  -10  |  Aurrekoa  |  (orrialdea 11 / 22) |  Hurrengoa  |  +10  |  Amaiera



Bibliografia

  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa. Aranzadi Elkartea (1991).

  • Gipuzkoako Karta Arkeologikoa - Aurkikuntza Berriak 1990 - 2001 / Nuevos descubrimientos 1990 - 2001. Aranzadi Elkartea.

  • Diccionario Ilustrado de Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran

  • Mitología Vasca. Jose M. de Barandiaran. Editorial Txertoa (1984).

  • Ezagutu Gipuzkoa CD-ROMa. Elhuyar Elkartea (1993).

  • Las Ermitas de Gipuzkoa. Luis Pedro Peña Santiago. Gipuzkoako Foru Aldundia (1995).

  • Montañas del País Vasco (Tomo 2 - La campana de Oro). L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).

  • Leyendas y tradiciones populares del País Vasco. L. P. Peña Santiago. Editorial Txertoa, 1984).

  • Telleriarte etxez etxe. Joxe Luis Ugarte/Esteban Altzelai/Agustin Beloki. Telleriarteko Auzo Elkartea (1995).

  • Estudio de Historia de Urretxu (en su VI centenario). Mila Alvarez Urcelay/Pedro Gonzalez Argomaniz/Antonio Ayllon Iranzo/Jose María Iztueta Leunda. Urretxuko Udala - Gipuzkoako Foru Aldundia (1986).

  • Legazpin barrena (oinez). Antxon Burcio. Legazpiko Udala (1995).

  • Legazpin barrena (BTT-z). Mikel Oskoz. Legazpiko Udala (1995).

  • Goierri mendiz mendi. Egile batzuk (1997).

  • Urretxu eta Zumarragako toponimia. Joxe Luis Ugarte. Onomasticon Vasconiae (Zintzo-Mintzo Euskaltzale Elkartea eta Euskaltzaindia, 1999).

  • Legazpi - Burdinezko bihotza - corazón de hierro. Juan Aguirre. Legazpiko Udala, 2006).