Doinua: Mendian gora haritza
Ikusmenetik harago
kantu eder bat badago
nahiz bera gabe hamahiru urte
zaizkigun igaro,
presente dago luzaro
eta gaur presenteago
mendian gora sentitzen dugu
askoz gertuago.
Malkar, baso edo landa,
hortzak estutzeko txanda,
luzea edo motza, non ote
norberaren langa.
Udaberriak eztanda,
hainbat lagun bidean da,
malda leuntzen baita Iñaki
gogoan izanda.
Maite zenuen natura,
orbela, lanbroa, ura,
maite zenuen gure herria,
hizkuntza, kultura.
ukitu ezin den hura
ukitzea dut helmuga,
besarkada bat helduko al da
zu zauden lekura.
—Gorka Azkarate—
2009ko maiatzean, Otamotz aldizkariaren 147. alean argitaratutako bertsoak.