Egun hauetan Urretxu-Zumarragako euskaltzale guztion bihotzek halako zirrara hotza sentitu dute Iñaki Beitiaren heriotzaren berri izan dugunean.
Iñakiren izaera hiru hitzetan definitzeko orduan ez nuke zalantza gehiegirik izango: mendizalea, euskaltzalea eta abertzalea, hirurak maila berean eta elkarri loturik.
Euskaltzale moduan gaur egun, bere lana hiru esparru desberdinetara zuzendua zegoen: ikastola, bertso eskola eta Udal Batzordea. Luzea izango litzateke Iñakik arlo bakoitzean buruturiko lanak aipatzea, baina bere nortasunaren bi xehetasun nahi nituzke azpimarratu:
Lehenengo, bera euskara hutsean bizi zela. Alde batetik ikaragarrizko zortea zuen, bere lantokia, lagunak, ingurua, zeharo euskaldunak baitziren, baina ezin ahaztu berak ixil-ixilik ikaragarrizko lana burutzen zuela hau dena hala izan zedin. Bere bizitza euskararen aldeko konpromisoa zen.
Bigarren, berriz, gure hizkuntzaren garapena eta gure herriaren askatasunaren arteko loturari ematen zion garrantzia azpimarratuko nuke. Gaur egungo kontseilari, sailburu eta batzordeetako burokraziak euskara bere zulotik ez duela aterako zioen. Euskara hizkuntza ofiziala izatea gure herriaren subiranotasunaren bidez bakarrik lortuko dugula aldarrikatzen zuen. Bitartean hainbat euskaltzaleren lanak iraupen hutsa besterik ez duela bermatuko. Eta noski, Iñaki, gehienetan bezala... arrazoia huen.
—Josean Alustiza (Zumarragako HBko zinegotzia)—