Ostadar Mendi Taldea

Iñaki Beitia gogoratzen dugunean, hainbat eta hainbat momentu on etortzen zaigu burura, mendira joaten ginenekoak, naturarekin uztartuz gozatu eta sentitu genituenekoak ... Mendizale askorentzako bezala, mendia askatasunaren sinbolo izan zuen; baina sinbolo baino gehiago izanik, Iñaki mendian aske sentitu zen.

Iñakiren historia Ostadar Mendi Taldean ez da ez laburra; elkarteko hastapenetan parte hartu zuen, bera izan baitzen elkartearen kide sortzaileetako bat. Ondorengo urteetan ere, 4 urtez zuzendaritzan parte hartu zuen eta elkarteko hainbat ekintzetan euskara biziki bultzatu zuen.

Anjel Etxeberria Memoriala Haur Ibilaldi Neurtuko antolatzaile izan genuen eta azkeneko urteotan eskolak eta elkartearen arteko erlazioak berak bideratu zituen; Ikastolako gaztetxoekin ere askotan irten zen mendira. Haurrak hezi, beraiekin bizi, beraiekin lan egin ... hezkuntza ikasgeletan bakarrik ez dela mugatzen ondo zekien nonbait.

Mendiarekin lotutako kirolen zale amorratua izanik, Euskal Herriko zein Pirinioetan txango, BTT zeharkaldi edo mendiko eskiez eginiko ibilaldi anitz egin zituen; herriko lagun askorekin irten zen mendira, eskiak elur zurian labaintzera edo mendi-tontorretik paisaiak ematen dituen bista ederrak lagunekin konpartitzera.

Baina Iñaki ez dugu mendizale huts gisa gogoratu nahi. Ezin dugu. Iñaki batez ere, laguna izan genuen. Laguna eta adiskidea zentzu orotan, beti laguntzeko prest, eta berak eskaini zigun adiskidetasuna, berotasuna, nolabait itzuli nahi diogu.

Hau guztia dela eta, datorren urteko Oletako festa egunean, herriko gainontzeko taldeetako bere lagunekin batera, Oleta mendi-lepoan, horrenbeste maite zuen lepoan, bere oroimenezko plaka xume bat ipini nahi dugu; haizeak Euskal Herriko mendietan zehar lau haizetara Iñakiren izena barreia dezan, Oletako tumuluak iraun duen bezainbeste, etorkizuneko urretxuarrek, zumarragarrek eta aizpurutxoarrek Iñaki nor izan zen oroimenean gorde dezaten.

Maite ditut gallurrak, /
argiak ez beste ...
ai, egaztia banintz, /
gañik-gain nenbilke!
Oi, Udaberri goizez, /
mendiaren gailurra! ...
oi, aren ametsezko / zorakortasuna! ...
zein ezkutuzko indarrez, /
zein atseden-egarriz,
zein gorago-yoranez, /
narakark igana?
[...]
Agur! Adiskide kuttun, lagun zorigabe /
azpildu-gabeko biotzaren yabe, /
onerako zabal, ederrak su-bera:
atorkit, Onuzki, gaur oroimenera!

—Xabier Lizardi—

—Ostadar Mendi Taldea—