Zail da une hauetan
hitz egokiak aurkitzea
izarrek dizdira irabazi duten honetan
gauek ez baitute galdu beren izakera tristea...
Mendiek inoiz baino gertuago dute zerua,
Eguzkiak goizero ausartki erakusten du musua,
Urola errekak ere isiltasuna gordetzen du,
zure oroimenean
Zubiondotik igarotzean...
Haizeak iparra eta hegoa gogoz batzen ditu
arratsez haranak laztantzean.
Baina,...
bizitzak aurrera darrai
egunek gauak dakartzate
eta gauek egunak ere bai.
Gero arte lagun,
agurrik ez bederen
mendiak berde diren artean
zure presentziaz goza dezakegunez
Irimo, Oleta, Izazpi,...
edonora begiratzean...
Hainbeste maitetako txokoak
ez baitíra eta era berean
ez baitute epe motzean
bizitakoa ahazten.
Gero arte lagun,
agurrik ez bederen,
Eguzkiak beroa eta argia banatzen
darraien bitartean
zure indarraz goza dezakegunez
gure hizkuntza,
EUSKERA,
gure izakera,...
plazara, dantzara, mundura,...
jalgitzerako orduan...
Lehen hitzaren,
lehen arnasaren,
lehen negarraren
adierazle izan den eleak
ohorezko ostatua baitu edonoren bihotzean.
Bihotzean zenuen bai
barren barrenean
eta besteek ere maite zezaten
saiatzerako orduan ez zinen geratu zain,
ez zenuen mugarik ikusi nahi,
ixilik eta apalik halere
zuzen joan dira zure izpiak
barren barrenetik,
lehen hitzaren,
lehen arnasaren,
lehen negarraren
adierazle izan zenuen elean.
Gero arte lagun,
agurrik ez bederen,
Urolak gure berriak zeharkatzean
zure presentziaz goza baitezakegu
bertsotan entzutean
zortziko txikian,
berdin nagusian
hamar puntukoan,...
zipriztinak elkar zirika
nekatzen ez diren guztietan
gai alaien erantzunetan
serioei aune hartu nahiean
hauek gailendu baino lehen
sentimenduak adieraztearren.
Urak itsasoa legez
bertsoa izan baituzu amets.
Gero arte lagun,
agurrik ez bederen
haizeak zuhaitzekin jolasean
jarraitzen duen bitartean
zure presentziaz goza dezakegunez
bereizten duen askatasunez
ingurua jaztean.
Badaiteke iparra
berdin hegoa legez
ekia edo mendebaldekoa
lotura oinani duen gizartearen
mugak haizeak baino
ez dituelako zeharkatzen.
Euskal Herria maite zenuen,
euskalduna zinen,
honen libertatean sinesten zenuen.
Zenbat amets Iñaki,
zenbat irudimenez argitutako gau beltz
herri baten etorkizunari so.
Jaiotzen ikusi zintuzten mendi,
esnatu zintuen eguzkiaren irri,
heldutasuneraino eraman zintuen ibai
eta zure sustraiak, herria,...
maitatzen erakutsi zizun ipar haize finak
gugandik urrundu zaitu.
Baina Iñaki,
bídea zabaldu diguzu
pauso zuzenak erakutsi dizkiguzu
luzea, neketsua,...
ez da erreza izanen
helburuak lortzea.
Halere Iñaki,
nahiz eta izarrek dizdira irabazi duten honetan
gauek ez duten ahantzi beren izaera tristea,
ilargiak irrifarre egiten du,
mendiek zerua laztandu,
Urolak zeharkatutako lurrak ongarritu
haizeak mugak zabaldu...
eta ondorengoek garbi ditugu helburuak,
zure urruntzeak igorritako malkoak
ez baitira izango alferrik galduak,
tanta bakoitzak
zuk ereindako hazia erneko du,
Euskal Herria loretzear dagoen larrosa baita.
BEJONDEIZULA,
ESKERRIK ASKO,
GERO ARTE IÑAKI
AGURRIK EZ BEDEREN.
—Amaia Artolazabal Amilleta—