Zaila zaigu une honetan guretzat, Ikastolarentzat Iñakiren lanak eta izaerak suposatu duenak lerro gutxi batzuetan adieraztea. Halere zerbaitek definitu beharko balu bere lana, hau, bere irekitasuna, edozein lana egiteko prest zuen jarrera, lan ixila, emankorra...
Guzti honen lekuko eta duela hamabi urtetara jotzen badugu, hori izan baitzen Ikastolarekin izan zuen lehen harremana, Kilometroak'85 antolaketan jokatu zuen papera aipatu beharko genuke. Magisteritza bukatu berri eta esperientzi handirik gabe Kilometroak'85 talde antolatzailearen idazkaria izan zen. Harrez gero 8 eta 9 urteko haurrekin aritu zen, heziketa bereziko ikasleekin apoioko lanak burutu zituen. Baina pixkanaka, pixkanaka bere bizitzan garrantzitsuak ziren arloak irakaskuntzara ere zabaldu zituen eta hor azaltzen zaigu bertso-eskola sortzen eta bertsolaritzaren inguruan Ikastolan eginiko lanak. Gorputz Hezkuntzako irakasle, kirol eskolarraren arduradun, igandetan mendiz eta txirrinduz egiten diren irteeren sortzaile eta abar luze bat.
Hala ta guztiz berarekin lankidetzan izan garenontzat aipagarriena erakutsi digun gizakortasuna litzateke. Harremanak leuntzeko gaitasuna eta alaitasuna, une zailak gainditzeko trebezia eta azken finean lankidez gain lagunak izateko eskeintzen zuen erreztasuna.
Ba omen dira euskera maite arren, ez dutenak ezer egiten ikasteko. Beste batzu, euskera dakitenak eta ez dutenak erabiltzen.
Gutxi batzu bere herriko hizkuntza harrotasun osoz, ez harrokeria, defenditzen dutenak.
Eta, azkenik banaka batzu, bere bizitzako helburu nagusienetakoa bihurtzen dute euskararen garapena eta honen alde dihardute jo ta ke.
Iñaki, zalantzarik gabe, azken hauetakoa zen; eta Berthold Brecht-ek zioen bezala, hauek dira ezinbestekoak.
Iñaki joan zaigu, eta orain guri dagokigu berak hasitako hainbat proiektu aurrera eramatea, euskaltzale orori.
Hor geratu dira Urretxuko kaleetako errotuluak euskeratu gabe, ikastetxeak guztiz euskaldundu gabe, Udaletxeko hainbat zerbitzuen euskeraren erabilpena bermatu gabe, etabar, etabar, etabar.
Iñakiri egin diezaiokegun omenaldirik onena ez da hitz politak papertxo baten idaztea, baizik bakoitzak lan guzti honen zatitxo bat bere gain hartu eta aurrera eramatea.
—Urretxu-Zumarraga Ikastola—